argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udalak isunak ezarri dizkio Luxury enpresari obra “klandestinoak” egiteagatik
  • Hedegile eta Pintore kaleetako bi etxebizitzetan baimenik gabe eginiko eraberritze lan integralengatik isun bana ezarri dio udalak Gasteizko PPko kide Gustavo Antéparak sortu zuen Luxury Rental Apartments enpresari. Arau urratzeagatik 500 eta 5.000 arteko isuna aurreikusten du legeak, eta bi kasuetan 500 eurokoa ezarri dio udalak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko abenduaren 11

Espedienteak 2022ko urrian eta azaroan ireki zituen Gasteizko Udalaren Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailak. Auzokide batzuek ohartarazita, Udaltzaingoaren patruila bat Pintore kaleko atari batean egiten ari ziren obrak ikuskatzera hurbildu zen azaroaren 17an, ARGIAk apirilean argitaratu zuen moduan. Hirugarren pisuko etxebizitzan baimenik gabeko obrak antzeman zituzten. Ondoren udalaren arkitekto batek ikuskatu zuen obra, eta hirugarren pisuan ez ezik, bigarren pisuan ere ikusi zituen eraberritze obra integralak. Atariko etxebizitza guztien jabe da Luxury enpresa. Hedegile kaleko etxebizitzari dagokionez, 2022ko urriaren 13an salatu zituen Udaltzaingoak baimendu gabeko eraberritze lan integralak.

Hiru etxebizitzetako obretatik baterako ere ez zuen aurkeztu Luxuryk inongo baimen eskaerarik, derrigorrezkoa bada ere. Hori dela eta, udalak hiru espediente ireki zizkion enpresari, eta “obra klandestinoak” legeztatzeko hilabeteko epea eman zion. Luxuryk baimenak aurkeztu zituen baina udalak atzera bota zituen hasiera batean, aurkeztutako proiektuak ez zetozelako bat jada eginak zeuden obrekin.

Helegiteak eta berrespena

Azkenean onartu zituen proiektuak Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailak, baina, edonola ere, lizentziarik gabe egindako obrengatik isuna ezarri zion: Pintore kaleko 3. pisukoagatik 500 euro; Hedegile kalekoagatik beste 500. Litekeen isunik txikiena bi kasuetan, hirigintzako arau-hauste horrengatik legeak 500 eta 5.000 arteko isuna aurreikusten baitu. Pintore kaleko atariko bigarren pisuko obrei dagokienez, udalak ez dio isunik ezarri Luxuryri, ARGIAren informazioen arabera.

Luxuryk helegiteak aurkeztu zituen bi isunen aurka maiatzean. Biak bota zituzten atzera udaleko zerbitzuek. Hedegile kaleko isunari dagokionez, oker baten ondorioz espedientea “duplikatu” izana onartu zuen udalak, baina hori zuzendu ostean ebatzi zuen, uztailaren 12an, Luxuryri egotzitako arau-hausteak “egiaztatuta” geratu direla. Egun bat geroago ebatzi zuen sailak Pintore kaleko helegiteaz, uztailaren 13an, eta hor ere isuna berrestea erabaki zuen. Bide administratiboari amaiera eman zion horrela udalak, eta Luxuryk bi hilabeteko epea zuen, horrela nahi izanez gero, bide judizialari heldu eta helegitea Gasteizko Epaitegietan aurkezteko.