argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udalak Israelekin harreman komertzialak dituen euskal enpresa bat kontratatu du airearen kalitatea neurtzeko
  • Zehazki, emisio txikiko eremuan airearen kalitatea neurtzeko gailuak erosi dizkio Gasteizko Udalak Kunak enpresa nafarrari. Horrek Meteo-Tech konpainia israeldarrarekin hitzarmena dauka Israelen lehen banatzailea izateko.

Hala Bedi @halabedi 2023ko abenduaren 15

Palestinarren aurkako oldarraldia eta genozidioa bereziki larria da azken hilabeteetan. Israelek 18.000 palestinar baino gehiago erail ditu urriaren 7tik gaur arte. Testuinguru honetan indarra hartzen ari da Palestinako eta mundu osoko ehunka eragilek bultzatutako Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpaina Israelen aurka, egoerari erantzuteko. Bien bitartean, euskal erakundeek Israeleko instituzio eta enpresekin harremanak izaten jarraitzen dute. Horien artean, Gasteizko Udala.

Izan ere, Gasteizko Udalak Kunak enpresa kontratatuta du 2022tik airearen kalitatea neurtzeko gailuak eta ekipoak erosi, abiarazi eta mantentzeko, 13.500 euroko aurrekontuarekin. Orokoieneko (Nafarroa) enpresa da Kunak Technologies. 2022tik hitzarmena sinatu zuen Meteo Tech konpainia israeldarrarekin, Israelgo airearen monitorizazio tresnen banatzaile ofiziala izateko. Momentuz gailu horietako bi daude Gasteizen funtzionamenduan. Kai plazan dago horietako bat.

Ez da Gasteizko administrazio publikoak kontratatua duen eta Israelekin harreman komertzialak dituen konpainia bakarra. Sacyr multinazionalak Gasteizko eta Arabako Foru Aldundiko udal uren saneamendu eta araztegi sareak kudeatzen ditu. Gasteizekin 2.034.687 euroko kontratua du bi urterako. Sacyr-en filial bat Palestinako uraren apartheidean egon da inplikatua.

Palestinako ehundik gora eragilek 2005. urtean jarri zuten abian BDZ kanpaina, tartean giza eskubideen aldeko hainbat taldek. Hego Afrikako apartheidaren aurkako borroka izan da inspirazio iturria. Funtsean, boikota, desinbertsioak eta zigorrak eskatzen ditu Israelen aurka. Helburua presioa egitea da Israelek nazioarteko legedia errespetatu dezan eta kolonizazioa eta apartheid erregimena eten daitezen. Palestinarren askatasun eta justizia printzipioak ditu oinarri. Berriki, garaipen handi bat lortu du kanpaina honek: Puma marka ezagunak utzi egin dio Israelen futbol selekzioa babesteari, presioak medio. Euskal Herriko hainbat kolektibok ere bat egin dute boikot kanpainarekin eta euskal erakunde eta enpresek Israelekin dituzten harremanak etetea exijitzen dute.