argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udalak identifikatu egin nahi du gaztetxeko urtezaharreko istiluak nork grabatu zituen
  • Gabon zahar gauean "Aterpe" ostatuan lanean ari ziren langileen izen-abizenak eskatu ditu Gasteizko Udalak. ELA, LAB eta ESK sindikatuek ohartarazi dute, Gasteizko Gaztetxearen ondoan dagoen aterpetxeko langileen Datu Pertsonalak Babesteko Legea urratu egin dela. Poliziaren hedapena "neurrigabezkotzat” jo dute.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 09a
Gasteizko Aterpe ostatua. Argazkia: @halabedi

Hala Bedi irratiak astearte goizean aurreratu duenez, Gasteizko Udaleko Gizarte Politika eta Osasun Publikoko Sailak gabon zahar gauean 'Aterpe' ostatuan lan egin zuten langileen datu pertsonalak eskatu ditu.

Datu hauek eskatzeko arrazoia urtarrilaren 1eko goizaldeko gertakariei buruzko ikerketarekin jarraitzea litzateke. Egun horretan udaltzainek istiluak izan zituzten gaztetxeko kideekin eta gertakarien irudiak zabaldu ziren sareetan.

Enpresa batzordea osatzen duten ELA, LAB eta ESK sindikatuek gogor kritikatu dute udalaren jarrera, “gertaturikoa erakusten duen bideo bat grabatu eta zabaltzeagatik, Gasteizko Aterpean gau horretan lanean zeuden pertsonen aurka egindako sorgin-ehiza izan da”.

Sindikatuek salatu dute, Arabako HIESaren aurkako hiritarren batzordeko (Sidalava) zuzendaritzak, 2018ko abenduaren 30etik 2019ko urtarrilaren 2ra bitartean lanean ari ziren pertsona guztien izen-abizenak eman dituela.

Pasa den urtarrilaren 1eko “burugabeko jokabide errepresiboa” estaltzeko, Aterpeko langileak erabiltzerik ez dutela onartuko gaineratu dute.