Iñaki Gurtubai Segurtasuneko zinegotziak "Poliziaren Lan Eskaintza Publiko bateratua” eta “inteligentzia kamerak instalatzea” iragarri ditu 2024rako, besteak beste.
Gasteizko Udaleko Segurtasunaren Sailak 2024ko aurrekontutik ia 40 milioi euro bideratuko ditu Udaltzaingoko, Suteen Prebentzio eta Itzaltze Zerbitzuko (Speis) eta Trafiko Zerbitzuko langileen soldatak ordaintzeko gastuetara. Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak 2024rako dituen proiektu nagusiak aurkeztu dizkie udal taldeei eta azpimarratu du “apustu ekonomiko handiena pertsonala handitzea eta indartzea” izango dela.
Udaltzaingoaren langile kopurua handituko duela adierazi du Gurtubaik, “lanpostu hutsak betetzeko Lan Eskaintza Publiko bateratu” baten bidez eta “oinarrizko eskalako Mugikortasun Agenteen hogei plaza berri” eskainita. Speiseko Enplegu Publikoaren Eskaintzarako deialdia ere egingo dela ziurtatu du, “pertsonala sendotzeko”. Horrez gain, 372.500 euro bideratuko ditu udalak Udaltzaingoen informatika eta telekomunikazio-sistemak berritzeko.
Gurtubaik inteligentzia kameren instalazioa ere iragarri du, 310.000 euroko inbertsioarekin: “Bideozaintzarako kamerak, bide-segurtasunerako trafikoa kontrolatzeko kamerak, eta Emisio Baxuen Eremua ezartzeko matrikulen irakurketa esklusiboa”. Oro har, zerbitzuak digitalizatzeko bestelako inbertsio berriak ere egingo dira, Europako funtsen laguntzarekin.