argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udalak Fiskaltzara eramango du Okupazio Bulegoa
  • Gasteizko Udalak jakintza tekniko eta juridikoak partekatu nahi dituen Okupazio Bulegoa salatu du Arabako Fiskaltzan.  Itziar Gonzalo zinegotziak intsumisioaren bulegoekin alderatu du hau. Okupazio Bulegoa abenduan sortutako Birjabetze Kolektiboak berreskuratu zuen, normalean iristen ez diren esparru sozialetan okupazioa zabaltzeko.

Hala Bedi @halabedi 2019ko otsailaren 26a
Zapateneo Liburutegiko artxiboko irudia. Bertan eskaintzen da Okupazio Bulegoa

Gasteizko PP-k egindako galdera bati erantzunez, EAJ-k eta PSE-k osatzen dute Gasteizko Udalak okupazioaren aurka egindako ekimenak azaldu ditu Itziar Gonzalok (EAJ) udaletxean bertan.

Gonzalok adierazi duenez, Gasteizko Udalak Birjabetze Kolektiboak martxan jarritako Okupazio Bulegoa salatu du Arabako Fiskaltzan. 80.hamarkadan intsumisioaren berri emateko zeuden bulegoekin alderatu du: “Intsumisioa legez kanpokoa zen, ikusiko dugu ea bulego hau ere legez kanpokoa den”.

“Udal Gobernua aurpegia ematen dago, okupazio ilegalaren aurka borrokatzen dago. Gasteizko Udalak ez ditu legez kanpo egiten diren ekimen hauek babesten, baina hitzekin gaitzesteaz gain, neurriak ere hartzen ditugu“, azaldu du zinegotziak.

Birjabetze Kolektiboa abenduan aurkeztu zuten Gasteizen, kapitalarekiko menpekotasunari modu kolektiboan erantzuteko asmoarekin. Birjabetzea aipatzen dute, “lapurtu diguten guztia berreskuratzeko helburua dugulako”, eta kolektiboa da, antolatuta daudelako, eta “edozein alternatiba indibidualistaren aurrean, elkartasuna gure praktikaren erdigunean kokatzen dugulako”.

Abendutik martxan

Elkartasun sare bat garatzen hasteko lehen pausoak Okupazio Bulegoaren bidez emango dituztela jakinarazi zuten orduan. Jabetza pribatuaren birjabetze kolektiborako, jakintza tekniko eta juridikoak partekatu eta elkartasun ekonomiko-materialetik abiatuko dira.

Okupazio Bulegoaren helburuetako bat, normalean iristen ez diren esparru sozialetan okupazioa zabaltzea da, bizi baldintzak modu errealean hobetu eta ahalduntzeko. Bizitzako beharrizanak komunalki aseko dituen elkartasun azpiegitura bat sortu nahi dute, kasu honetan etxebizitzatik hasita. “Zapalduon arteko elkartasun politikoa eraikitzea” ezinbestekotzat jo dute, eta batasuna aldarrikatu dute kapitala suntsitu ahal izateko.

Urtarrilaren 30ean, Gasteizko PP-k prentsaurrekoa deitu zuen, Zapateneo liburutegi alternatiboaren ateetan. Agerraldiaren xedea, orokorrean, kolektibo oso bat seinalatzea zen. Hala ere, bereziki seinalatu nahi izan zuten proiekturik bazegoen: abenduan aste gutxi berriro martxan jarritako Okupazio Bulegoa.

Prentsaurreko deialdia “probokazio ekintzatzat” jota, dozena erdi pertsonak agerraldia egin zuten, Garnica hizketan zela. Garbitzailez mozorrotuta eta “ez eskatu duintasunik, flatulentzia usaina dagoenean” pankarta bat eskuetan, PPko zinegotziaren diskurtsoa etetea lortu zuten.

Gaur egun, Okupazio Bulegoak martxan jarraitzen du: ostiralero 18:00etatik 20:00etara Zapateneon bertan.

 

 

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.