Gasteizko Udalak Insitel enpresari esleitu dio hiriaren erdigunean prestazio altuko hamazazpi kameraren bidez bideozaintza sistema hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko kontratua. Besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian eta San Frantzisko aldapan jarriko dituzte. Kameren eta kontrol sozialaren kontra, Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak mobilizazio jendetsua egin du larunbatean.
Gasteizko Udalak adimendun bideo-zaintza sistema bat ezarriko du: 100 kamera baino gehiago izango dira denera, eta badirudi laster ezarriko dituztela horietako hamazazpi. Udalak Insitel enpresari esleitu dio kamera hauen instalazioa, eta 117.000 euro inguruko inbertsioa egingo du. Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kideek azpimarratu dute “hiritarren segurtasuna aitzakiatzat” hartuta ezarriko dutela adimendun sistema berria, eta kontrol soziala areagotzeko beste mekanismo bat dela salatu dute.
Gasteizko GKSk mobilizazio jendetsua egin du larunbatean, Kamerak ez. Gazteria langilea kontrol sozialaren aurka lelopean. Salatu dute kameren ezarpen masibo hori ez dela udalak kontrol soziala gogortzeko hartutako neurri bakarra: Udaltzain kopurua areagotzea eta euren ekipamenduak berritzea; eta telefono mugikorren bidez monitorizatutako kontrol-sentsore berrien areagotzea, zentzu berean ulertu behar direla adierazi dute. Hala, azpimarratu dute baliabide horiek guztiak “proletalgoaren jarduna zelatatzeko eta zigortzeko” erabiltzen direla.
Sabotaje ekintzak
Kontrol sozialaren goranzko joera salatzeko kameren aurkako ekintzak egin dira azken asteotan Gasteizen, Hala Bedi-k ezagutzera eman duenez. Segurtasun kamera batzuen aurkako sabotaje ekintzak egin dira, eta pareta eta erakusleiho batzuetan margoketak: Gasteizko Udala eta Electro Alavesa enpresak markatu dituzte, areagotzen ari den kontrol sozialaren erantzule gisa.
Ehun kamera
Legealdiaren hasieran, Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak bere sailaren programa aurkezteko egindako prentsaurrekoan adierazi zuen udal gobernuaren konpromisoa dela hurrengo urteetan hiri osoan zehar ehun kamera ezartzea. Laster ezarriko dituzte horietatik hamazazpi, leku hauetan: Andre Mari Zuriaren plaza, Plaza Berria, Arkupeko ibilbidea, San Frantzisko aldapa, Bakardade kantoia eta San Frantzisko Xabierkoaren kantoia.
Legazpin ere kameren kontra
Legazpin (Gipuzkoa) ere, hainbat astez Udalak jarritako kamerak seinalatu ostean, Goierriko GKSk deituta, dozenaka gaztek ostiralean egindako elkarretaratzean salatu zuten udalak "eskura dituen baliabideak gizartearen ongizaterako erabili beharrean, kontrol sozialerako mekanismoak areagotzea lehenetsi" duela, "oinarrizko askatasunen eta eskubideen deuseztapenean oinarritutako joeran sakonduz". Adierazi dute borrokan jarraituko dutela Udalak kamerak kendu arte.