Gorka Urtaran alkateak ohartarazi du Udalak ez duela Gasteizko Txosnen herri bazkaria egiteko baimenik emango, gainerako jarduerak egin ahal izango badituzte ere.
Atzo, ostegunean, Gasteizko Txosnek iragarri zuten abuztuaren 5ean Entxosnazio Eguna antolatuko dutela. Aurtengo jaietan txosnak jarriko ez badituzte ere, egun osoko egitaraua antolatu dute Alde Zaharrean zein hiriaren erdialdean, hainbat jarduerarekin: besteak beste, herri azoka, erakusketa, umeen txokoa, herri bazkaria eta manifestazioa.
Hala ere, Gasteiz Hoy hedabideak argitaratu duenez, ostiral honetako prentsaurrekoan, Gorka Urtaran alkateak ziurtatu du Gasteizko Udalak ez diela baimenik emango herri bazkaria egiteko; bai, ordea, gainerako jardueretarako. "Programako zenbait jarduera ezin dira egin; esate baterako, herri bazkaria. Beraiek ezagutzen dute debekua, eta hala ere herri bazkarirako baimena eskatu dute", adierazi du Urtaranek.
ALEA txosna batzordeko kideekin harremanetan jarri da. Oraingoz debekuaren inguruko balorazio publikorik egin ez duten arren, egoera aztertzen ari dira eta datozen egunetan jakinaraziko dute horren gaineko erabakia.
Nolanahi ere, abuztuaren 5eko egitarauaren aurkezpenean, Gasteizko Txosnek azpimarratu zuten krisialdiari "modu kolektiboan erantzutea" lehentasuna dela haientzat, eta "guztion osasuna eta zaintza erdigunean" jarri nahi dutela. Ohiko formatua albo batera utzi behar izan badute ere, aurtengo jaietan "kaleak hartzeko" deia egin dute.
Honako hauek dira antolatutako jarduerak:
Une honetan zalantzan dagoen arren (txosna batzordeak erabakia jakinarazi arte), 14:00etan herri bazkaria egitekoa zen Herrandarren kaleko Agroespacean (Zelai Beltzak bezala ezaguna), sei pertsonako mahaiak jarrita.