Gasteizko jaiak hasteko aste gutxi falta direla, Gasteizko Txosna Batzordeak urgentziazko prentsaurrekoa eman du, salatzeko Arabako Foru Aldundiak txosnetan TicketBAI ezartzera derrigortu nahi dituela. "Parekatu egin nahi dituzte txosnak eta irabazi ekonomikoa helburu duen edozein jarduera pribatu. Egoera hau aldatu ezean, aurten ezingo dugu txosnarik jarri", adierazi dute.
Gasteizko Txosna Batzordeak larritzat jo du eredu herrikoi, kolektibo eta sozialen borondatezko lana enpresa pribatuekin parekatu nahi izatea. TicketBAI sistema ezartzera derrigortzeak, jai herrikoiak "kolokan" jartzea ekar dezakeela adierazi dute Arabako Aldundiaren aurrean eginiko prentsaurrekoan.
"Dozenaka kontzertu eta ekimen ditugu prest, zazpi egunetan txosnagunea musikaz eta bestelakoez betetzeko. Gasteizko jaietako kultur eskaintzaren zati handia txosnetan egiten da, eta milaka pertsona hurbiltzen dira urtero jai gune herrikoi honetara. Ehunka pertsonen borondatezko lanari esker eraikitzen ditugu txosnak, denok gozatu ahal izateko eremua izan daitezen", azaldu dute.
43 urteko ibilbidea dutela gogoratu dute eta beren guneetan milaka izan direla modu bateko edo besteko bolondres lana egin duten pertsonak eta beste milaka guneko egitarauaz gozatu dutenak.
"Hori horrela, ezin dugu ulertu erakunde publikoek txosnen jardunari trabak jartzea, kasu honetan, zerga-normalizazioak eta iruzurraren aurkako lana aitzakia gisa erabilita. Izan ere, jai herrikoiak eta txosnak babestu beharreko jai ereduaren oinarri dira, herriaren gehiengo zabalak partekatzen dituen kultura-balioen transmisore baitira", salatu dute.
Balioan jarri nahi izan dute modu autogestionatuan antolatzen direla eta ez dutela inolako irabazi asmorik, txosnetan bildutako dirua elkarte eta eragile sozialetara bideratzen baita. "Horregatik, erakunde publikoei eskatzen diegu arduraz joka dezatela jaiak pribatizatzeko batzuen interesaren aurrean, eta herritik eta herriarentzat sortutako jai parte-hartzaile eta herrikoien eredu hau modu autogestionatuan garatzeko oztoporik ez dezatela jarri".
Gaineratu dute jakitu direla Gasteizko jaietako beste espazio batzuetan ez dutela TicketBAI aplikatzea eskatu eta adierazi dute kezkatzen dituela jai herrikoien eta txosnen aurkako neurri ideologikoa izateak. Aldundiari borondate politikoa eskatu diote, jai herrikoiak ez oztopatzeko eta aterabidea erdiesteko. "Elkarlanean, borondate politikoz, posible dela uste dugulako, jarraituko dugu espazio alternatibo, feminista eta euskalduna aurrera eramateko lanean".