Mugimendu Sozialistak egin dien beto salaketaren aurrean, beren posizioa defendatuz oharra kaleratu du Gasteizko Txosna Batzordeak (GTB). "GTB-n parte hartzea ez da inola ere eskubide bat bere horretan, hurbiltze-prozesu baten emaitza baizik, elkarrekiko errespetuan oinarritutako konfiantza sortzeko prozesua". Orain arte ez dela horrelako prozesurik egon eta Mugimendu Sozialistak ez duela halako estrategiarik salatu dute. Urritik aurrera, gatazka konpontzen saiatzeko lan egiteko prestutasuna adierazi dute. "Ikusiko dugu MS-k gauza bera egiten duen", adierazi dute.
Joan den astean, Euskal Herriko 150 kulturgilek Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean Mugimendu Sozialistari parte hartzen uzteko publikoki eskatu ostean, GTB-k bere erabakia defendatu du ohar baten bidez. Funtsean, herri mugimendu gisa, bere erabakiak hartzeko zilegitasuna defendatu du. "Mugimendu Sozialistako bi talde gehiago ez sartzearen erabakia ez da beto politikoa, prozesu guztiz legitimo baten emaitza da".
Adierazi dute ez dutela "aukera politikorik debekatu", horren erakusle dela batzordea osatzen duten proiektu, orientazio politiko eta kulturalen aniztasuna. Gogoratu dute Mugimendu Sozialistak baduela "ordezkaritza" Gasteizko Txosnetan, Ikasle Abertzaleak-en bitartez.
Adierazi dute, 43 urteko ibilbidea duen batzordeak osatzen duten eragileek kolektiboki hartu dutela erabakia, 2020-2021 ikasturtean egin zuten hausnarketatik abiatuta. Bertan hau jaso zuten, publiko egin dutenez: "GTBko taldeen arteko bizikidetzaren esparruko helburuak dira: Gasteizko Txosnen oinarri politikoekin koherentea den jarduera bultzatzea, errespetutik eta lankidetzatik abiatuta; konfiantzan oinarritutako espazioa eta espazio segurua bultzatzea". Txosna Batzordeko talde bakoitzak gainontzeko kolektiboak eta haien jardun politikoa errespetatzeko konpromisoa hartu behar duela gogorarazi dute, eta hori ez dela MS-ren jarrera beren ustez.
"Gainerako parte-hartzaileak errespetatzeko gai ez direnak, prozesu horietatik kanpo jartzen dute haien burua".
Gasteizko Txosna Batzordea
Herri mugimenduen prozesu politiko horizontaletan, konpromisoak hartu eta adostasunak bilatzeko estrategia defendatu dute. "Gainerako parte-hartzaileak errespetatzeko gai ez direnak, prozesu horietatik kanpo jartzen dute haien burua".
GTB-k adierazi du urritik aurrera "gatazka konpontzeko" lan egitea proposatu duela eta zalantza adierazi dute MS gauza bera egiteko prest ote dagoen.
"43 urte hauek ez dira hutsalak izan. Urteak daramatzagu guztion artean elikatzen dugun espazio honen alde lanean eta borrokan. Gasteizko jaien baitan zilegitasunez egiten dugu lan hiriko jendarteak eskatzen duen espazio alternatibo, autogestionatu, feminista eta euskalduna aurrera eramateko eta horretan jarraituko dugu, proiektuan sinistu eta elikatu nahi duen ororekin", adierazi dute.
Gasteizko Txosna Batzordea ondorengo eragileek osatzen dute, beren webgunean ikus daitekeenez: Askapena, Errekaleor Bizirik, Gasteizko Gaztetxea, Gazte Karpa, Hala Bedi irratia, Ikasle Abertzaleak, Iraultza 1921, Jardun, Kalera, Gasteizko Mugimendu Feminista eta Gerrilla sukaldea.