Joan den ostiralean arrazakeriaren aurkako protesta egin dute Gasteizen, hainbat pertsona arrazializatuk hiriburuko lokaletan sarrera ukatu eta tratu arrazista jaso dutela salatzeko. Onarpen eskubidearen erabilera “arrazista eta iruzurrezkoa” amaitzea exijitu dute.
Arabako hogei bat eragilek protesta egin zuten ostiralean Gasteizko komunitate arrazializatuen eta eragile antiarrazistekin batera. Gasteizko ostalaritza lokal batzuetan “onarpen eskubidearen erabilera arrazista eta iruzurrezkoa” amaitzea aldarrikatu zuten, hiru senegaldarrek salatu baitzuten irailaren 30eko gauean La Comarca (Gasteiz) tabernan sartzea ukatu zietela. Sarrera soilik ukatu ez, eta azaldu dute mutil senegaldarretako batek salaketa formala aurkeztu nahi izan zuenean, “kasurik egin ez izana”.
Onarpen eskubidea ez da baztertzeko eskubidea. Arrazakeriarik ez! lelopean egin dute protesta eta dozenaka herritar bertaratu dira babesa emateko. “Eskubide berak guztiontzat”; “Erreserbarik gabeko eskubideak” eta “arrazakeriarik ez” gisako aldarrikapenak ikusi dira, beste batzuen artean. Elkarretaratzeko antolatzaileek salatu dute ez dela kasu isolatua: “Gertakari hau ez da puntuala. Afrikar euskaldunok eta pertsona arrazializatuek egunero jasaten ditugun gertakari arrazisten zerrenda luzeari batzen zaien beste bat da”.