argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko SDA Factoryk ere lantegia itxi eta 55 lagun kaleratuko ditu
  • B&B Trends lantegiaren jabeak iragarri du hartzekodunen konkurtsoan jarri duela lantegia, "ondare desegonkortasuna" argudiatuta.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko abenduaren 19a
SDA Factoryko langileak duela hilabete Gasteizko udaletxean izan ziren eta elkarretaratzea egin zuten euren egoera salatzeko. LAB

Enpresetako kaleratzeek eta lantegiak ixteko uholdeak ez du etenik azken asteetan Euskal Herrian, eta asteazken honetan beste bat gehitu zaio zerrendari: Gasteizko SDA Factory etxetresna egilea.

Jabea den B&B Trends Kataluniako konpainiak iragarri du bere borondatez hartzekodunen konkurtsora eraman duela lantegia eta, hortaz, ixteko bidean dela. 55 langile kalean geratuko lirateke.

Garai batean Ufesa izenez ezaguna eta Arabako etxetresna industrian pisu handikoa, hain justu BSH zen bere lehengo jabea –Nafarroako Ezkirozko lantegian 650 lagun kaleratuko dituela iragarri berri duena–, 2018an B&B Trendsek erosi aurretik. Orduan 240 behargin aritzen ziren lantegian, baina krisi eta lan-gatazkatan murgilduta izan da azken urteetan, eta urte amaieran enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea amaitzen da.

2018an B&B Trendsek erosi zuen. Orduan 240 behargin aritzen ziren lantegian, baina krisi eta lan-gatazkatan murgilduta izan da azken urteetan

Langileek duela hilabete inguru hitza hartu zuten Gasteizko udal batzarrean, euren egoera azaltzeko eta enpresarekin apirilean adostutako akordioa betetzea eskatzeko; besteak beste, neurri ekonomikoak eta hortik haragoko bermeak adostu zituzten.

"Diru-goseak zakarrontzira bota du"

LABek, bere aldetik, B&B Trendsen jarrerari egotzi dio lantegia egoera horretara eramatea: "Punta-puntako enpresa bat, ia 50 urteko historia duena, lurraldean errotuta dagoena, dirua poltsikoratzea helburu bakarra duten multinazionalen diru-goseak zakarrontzira bota duena", azaldu du.

Azaldu duenez, jabe berriak hainbat produkturen ekoizpena beste lantoki batzuetara eraman du, eta ikerketa eta garapen unitatea desegin du. Gainera, itxiera iragartzeko modua ere salatu du sindikatuak, e-posta bidez eta lan erregulazio espedientea luzatzeko bilera baten atarian: "Komunikazioa tamalgarria eta miserablea da", esan du.