argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuaren “eraisketa” salatu du ESK sindikatuak, langile murrizketa dela eta
  • Zerbitzutik zortzi erizain eta bi erizain laguntzaile kendu dituztela salatu du sindikatuak. Larrialdi horietara herritar bereziki zaurgarriek jotzen dutela azpimarratu du, eta agintariei eskatu diete “pertsonak zenbaki soiltzat hartzeari uzteko”.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko urtarrilaren 30a
2022ko langileen mobilizazioa, Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzua ixtearen aurka. Argazkia: Hala Bedi

Arabako ESIko Erizaintzako Zuzendaritzak erabaki ditu murrizketak, ESK sindikatuak jakinarazi duenez, pazienteen beherakadaren ondorioz langileen “berregituraketa” beharra argudiatuta. Baina sindikatuaren ustez “aldebakarreko” erabakiarekin larrialdietako zerbitzua “eraisten jarraitzen dute”.

Santiago ospitaleko larrialdietara egoera bereziki zaurgarrian aurkitzen diren herritar ugari hurbiltzen direla azpimarratu du ESK-k: "Gehienak adineko pazienteak dira, patologia askotarikoak, eta zaintza handiak behar dituzte horiek egonkortzeko". Gogoratu du, zentzu horretan, ospitale horretan dagoela larrialdi psikiatrikoetarako zerbitzua, ohikoa baino osasun profesional gehiago eskatzen dituena maiz. Gainera, larrialdietako murrizketek jada “saturatuta” dagoen Olagibel kaleko Etengabeko Arreta Guneko paziente kopurua “nabarmen” handituko dutela aurreikusi du.

Murrizketak murrizketen gainean

Bi urte joan dira Arabako ESIak larrialdietako arreta Txagorritxuko ospitalean zentratzea erabaki zuenetik, eta horrek, "Santiagoko larrialdiak de facto ixtea” ekarri zuen, ESKren esanetan. Erabaki haren aurka, Osasun Publikoa Aurrera plataformak ehunka herritar batu zituen giza-kate batean  eta egun gutxitan 7.000 sinadura baino gehiago batu zituen, besteak beste. Sindikatuak arduradunei eskatu die utzi diezaiotela “pertsonak zenbaki soiltzat hartzeari” eta osasun publikoaren kudeaketa “merkataritza” irizpidetan egiteari.