argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Podemos-Ahal duguren lehen asanbladak 200 lagun baino gehiago batu ditu
  • 200 lagun baino gehiago bildu ziren asteazken arratsaldean Gasteizko Podemos-Ahal dugu taldeak Europako hauteskundeetan izandako arrakastaren ondoren antolatutako lehenengo asanbladan. Herritarrekin alderdiaren helburuez eta ideiez hitz egin zuten.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2014ko ekainaren 05
Herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera hartu du Podemos-Ahal duguk eta Gure Esku Dagok antolatutako giza-katera joateko deia egin du (Argazkia: www.gasteizhoy.com).

Asanbladarekin hasi aurretik, deialdiaren antolatzaileek garbi adierazi zuten Pablo Iglesiasek berak askotan azpimarratutakoa: "Podemos-Ahal dugu ez da Iglesias, herria baizik". Eta bozak pasa arte Gasteizko egitura lagun-talde txiki batek bideratu badu ere, orain ekimena arabarrei irekitzea erabaki dute, herriak parte har dezan.

Gasteizen eta Araban antolatzen

Horren haritik dator politika behetik egitearen ideia. Proposatu zuten, gaur egun goitik egindako politikei boterea kenduz, "behetik abiatutako zeharkako egitura bat, behekoen problematika ulertzetik hasita aldaketei ekiteko". Horretarako, Gasteizko kasuan auzoka banatutako bost egitura sortuko dituzte, eta Arabako kasuan beste zazpi, zonaldeko koadrilen arabera.

Ezagutzen joango diren arazoei konponbidea bilatzen ahaleginduko direla adierazi du Podemos-Ahal duguk, eta gaineratu du aholkularitza batekin jokatuko dutela soluzioaren bidean, beti ere ideia garbiekin eta argudioak emanez.

Ekainak 8ko giza katearekin bat

Herritarren oinarrizko eskubideen defentsa eta troikaren interesei aurre egitearen ideiak izan ziren, beste batzuren artean, hizketagai.

Horrez gain, herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera ere azaldu zuten Podemoseko kideek. Hain justu, Euskal Herriko alderdiaren adarrak deia zabaldu du igandean Gure Esku Dago herri ekimenak antolatu duen giza-katean parte hartzeko.