argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Olarizuko bizilagunek helegiteak jarriko dituzte berriz ere udalaren kaleratze aginduaren aurka
Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko otsailaren 08a
Argazkia: Okupatu Zure Bizitza Elkartea eta Etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako ekimena.

Ostiral eguerdian eman dute prentsaurrekoa Olarizuko Etorbideko etxe hutsetan bizi diren 40 familien Okupatu Zure Bizitza elkarteak eta Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimenak. Kaleratzeak Stop plataformak ere babesa adierazi die Olarizuko bizilagunei.

Udalak etxegabetzerako abiatu duen prozedura “ ez dator bat legeriarekin”, bizilagunen ustetan. Hori dela eta, helegite berriak aurkeztuko dituzte. Sindikoaren (Gasteizko herritarren defendatzailea) esku-hartzea ere eskatuko dute “kaleratzea geldiarazteko, harik eta administrazio-bidea eta bide judiziala ebatzi arte”.

Behar eta aukeretara egokitutako alternatibak

Olarizuko etxebizitza abandonatuak “leku bizigarri eta duinak” bilakatzeko lan asko egin dutela ziurtatu dute bizilagunek prentsaurrekoan, baina mugitzeko prest daudela. Salatu dute, ordea, gizarte zerbitzuek ez dietela alternatiba baliagarririk proposatu: “Eskaintzen zaigun bizitoki-aukera bakarra udal-aterpetxea da, kasurik onenean”. Beren beharrak zein aukerak aintzat hartuko dituen epe luzeko irtenbide bat proposatu dute bizilagunek: “Inoiz ez diogu uko egin gure baldintza ekonomikoetara egokitzen den alokairu bat ordaintzeari; eskatzen duguna da gure familia-beharretara egokitutako etxebizitzetan ostatu ematea, dagokion alokairu sozialaren prezioa ordainduta”.

Jazarpen instituzionalaren aurrean, bizilagunen ahotsa

Olarizu Etorbidean bizitzen hasi zirenetik udalaren eta Poliziaren aldetik pairatzen duten jazarpena gogoratu dute bizilagunek: COVID-19aren agerpenaren aurretik ura eta argia moztu zietela, konfinamendu garaian Gizarte Politikako Sailak lagundu ordez “abandonatu zituela, edo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak isunak ezarri dizkiela hain zuzen ere etxeetatik ur bila irteteagatik, bestek beste. “Gure ametsak, gure gauzak, gure familiekin etxe seguru batean bizitzeko gure gogo eta itxaropenak eraitsi nahi dituzte”, adierazi dute.

Ahots propioa dutela eta “Urtaran jaunaren eraso estrategikoen aurrean” etxebizitza “duin” bat lortzeko borrokatuko direla ziurtatu dute bizilagunek. “Kalea ez delako bizitzeko aukera bat. Etxebizitza duina izatea eskubidea delako, ez luxua”.