Gasteizko Udaltzaingoak asteazkenean etxegabetu du familia bat. Pisuaren sarbidea hormatzeari ekin diote udal langileek ondoren, Hala Bedik azaldu duenez
Gasteizko Olarizu auzoan etxebizitza ugari dago hutsik, eta hilabete asko dira hainbat pertsonek eta familiek horietariko batzuk okupatu zituztela. Asteazkenean ordea, udaltzainak agertu dira, etxebizitza horietako batean bizi diren lagunak kanporatzeko, eta pisua bera hormatzeko. Hainbat etxebizitza daude jada auzoan hormatuta.
Etxetik kanporatu duten familia Gasteizko harrera zentrora eraman dute, baina abenduaren 10era arte bakarrik egon ahalko da bertan. Egun horretatik aurrera etxerik gabe geratuko da, kalean. Familia Kolonbiatik etorria da eta asilo politikoa eskatu du.
Olarizuko etxebizitzen auzia
Olarizun bizi diren pisu horietan udaz geroztik daramate argia eta ura moztuta. Izan ere, 21 Zabalgunea udal sozietatearen bitartez Gasteizko Udalak pisu horiek bereganatu zituen, bertan egin nahi zuten proiektu berri baten harira, Berriak argitaratu zuenez. Sorgailuak, kanpin gasak eta kaleko iturriak erabiltzen aritu dira orain arte. Bertako bizilagunek auzokoen "jarrera arrazistak" salatu zituzten udan, etorkinak izate hutsagatik auzokideek "gaizki begiratzen" dituztela esanez.