argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko okupazio mugimenduaren urrats berria, Judimendi auzoko bloke bat okupatu dute
  • Bizilagunekin lehenengo harremanak izan dituzte gazteek eta astearterako otordu bat iragarri dute. Azken okupazio honekin, zortzi dira Gasteizko gune okupatuak.

Hala Bedi @halabedi 2017ko urriaren 16a

Judimendiko auzoan izan da azkenengoa. Lagun talde batek “aspaldi abandonaturiko etxe zahar bat” okupatu du. Auzokideei aurkeztu diete proiektua, atez ate zabaldutako gutun baten bidez. Blokea, Juan II kaleko 1. ataria da: 2004tik dago hutsik bloke hau.

Etxearen ate irekitzea egiteko “meriendatxo” bat egin zuten aurreko asteartean auzoaren zaharkitzea eta “auzo bizitzaren degradazioa” azalduz. “Azken belaunaldietan Udaletxearen atzean egon direnek sustaturiko politikak” salatu dituzte okupazio honekin.

Hala Bedik jakin duenez, egun hartan lasaitasunez igaro zen arratsaldea baina gauzak jasotzear zeudela zortzi udaltzainek osaturiko dispositiboak identifikatzeko eskatu zien gazteei. Espazio publikoaren okupazioa egotzi zieten eta denbora luzez identifikatzen aritu eta gero, salaketa jarriko zietela esan zieten. Gainera, haietako bati Mozal Legea aplikatuko diotela ere iragarri zioten “izandako jarreragatik”.

Hainbeste polizia bidaltzearekin askaria “kriminalizatu” nahi izatea salatu dute etxeko kideek, bigarren gutun baten bidez. Okupatutako bloketik, “beste garai batean ohikoa zen ohitura berreskuratzera” animatu dituzte bizilagunak. Horretarako, beste otordu bat egingo dute asteartean, urriaren 17an, etxe okupatuan.

Azkenengo honekin zortzi dira Gasteizko espazio okupatuak: Gasteizko Gaztetxea, Arkillos 10, Errekaleor, Sumendi Gazte Espazioa, Txikita, Pinto, Korre eta Judimendiko azken blokea.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.