argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko okupazio bulegoa kriminalizatu asmoz PPk deitutako prentsaurrekoa sabotatu dute
  • Prentsaurreko deialdia “probokazio ekintzatzat” joaz, PPko zinegotzi Miguel Garnicaren diskurtsoa eten du garbitzailez jantzitako pertsona talde batek.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 30

Gasteizko PP alderdiak prentsaurrekoa deitua zuen asteazkenerako, Zapateneo liburutegi alternatiboaren ateetan. Hala Bedik adierazi duenez, agerraldiaren xedea, orokorrean, kolektibo oso bat seinalatzea zen. Hala ere, bereziki seinalatu nahi izan duten proiekturik bada: orain aste gutxi berriro martxan jarritako okupazio bulegoa.

Diskurtso arrazista

Prentsaurreko deialdia “probokazio ekintzatzat” jota, dozena erdi pertsonak agerraldia egin dute, Garnica hizketan zela. Garbitzailez mozorrotuta eta “ez eskatu duintasunik, flatulentzia usaina dagoenean” pankarta bat eskuetan, PPko zinegotziaren diskurtsoa eten dute. Garnicaren adierazpenak, kolektibo baten kontra egiteaz gain, kutsu arrazista agerikodun esaldiz beteta egon da: okupazio bulegoak gazte eta migratzaileen “okupazio masiboa” bultzatzen duela esateaz gain, karteletan arabiera ere erabiltzen dutela azpimarratu du. Ekintzaren aurrean, ondorengoa adierazi die hedabideei: “Hau da kolektibo bat harrotzen denean eta mugarik ez duenean gertatzen dena”.

Ekintza aurrera eraman dutenek Hala Bediri argi adierazi diote: “Ez ditugu jarrera probokatzaileak onartuko gure espazioen ateetan”.

Ekintzaren bideoa: