argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko nekazaritza ekologikoari bultzada emango dio Aldundiak
  • Basaldea proiektuan parte hartzeko hitzarmena onartu du gaur foru erakundeak.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko maiatzaren 25

Diputatuen Kontseiluak, gaur goizeko bilkuran, Basaldea proiektuaren bidez Gasteizko nekazaritza ekologikoa bultzatzeko lankidetza hitzarmena onartu du. Foru erakundea ez ezik, Gasteizko Udalak, Hazi Fundazioak, Euskadiko Nekazaritzak eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) eta Azoka plazako merkataritza guneak ere parte hartzen dute proiektu honetan.  Hain zuzen ere, lankidetza horri esker, lehenbiziko aldiz modu integralean funtzionatuko du Basaldea proiektuan jasotako sentsibilizazio, prestakuntza, ekoizpen, banaketa eta merkaturatze zirkuituak.

Orain, foru erakundeak onartu duen hitzarmenari esker, epe ertainera besteak beste aholkularitza teknikoa eskainiko du aldundiak eta nekazaritza ekologikorako berariazko makinak eta erabilgarri dauden bestelako bitartekoen lagapena egingo du.

Basaldea proiektua

Basaldea Gasteizko nekazaritza ekologikoa sustatzea du helburu eta horretarako ekintza multzo ezberdinak diseinatu dira, besteak beste, gazteei nekazaritzaren alorren lanbide heziketa ematea, baratzezaintza ekologikoan jarduera profesionalari ekiteko laguntza eta baliabideak eskaintzea, nekazaritza enpresen mintegi bat sortzea, produktu ekologikoak banatu eta merkaturatzeko kanal bat abiaraztea eta gaiaren inguruko sentsibilizazioa lantzea.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra