Erreferendumean bozkatu dute estatuko mailako zentroen arteko batzordean mantendu edo alde egitea, eta azken aukera horren alde egin du langileen %51ak. Hemendik aurrera Gasteizko Michelingo enpresa batzordeak bere kabuz negoziatuko ditu bere lan baldintzak. Michelingoa Arabako bigarren enpresarik handiena da langile kopuruan, Mercedesen atzetik.
Gaur arte Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa) zen, Michelin multinazionalak Espainiako Estatuan dituen lantegietatik, zentroen arteko batzordetik kanpo zegoen bakarra. Gasteizko lantegia batu zaio orain. Azken egunetan bozkatu dute erabakia Gasteizko langileek, eta asteartean ezagutu da erreferendumaren emaitza: 3.443 langiletik 2.405ek bozkatu dute (%69,85); 1.237 irteeraren alde daude (%51,43) eta 1.143 aurka (%47,52). Gasteizko langileek zentroen arteko batzorde horretan negoziatzen zituzten sindikatuek multinazionalarekin, baina orain negoziazio marko propioa izango dute.
Irabazleak eta galtzaileak
Enpresa Gasteizko lantegia zentroen arteko batzordean mantentzea babestu du. Iragan astean, hain zuzen ere, multinazionalaren zuzendaritzak iragarri zuen lantegiaren ekoizpena murrizteko asmoa zuela, langileekiko zuen “konfiantza faltagatik”. Irtetearen alde egin duten ELA, LAB eta ESK sindikatuek salatu zuten zuzendaritzaren iragarpenaren helburua langileak “beldurtzea” eta erreferendumaren emaitzak “baldintzatzea” zela. UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek estatu mailako markoan mantentzearen alde egin dute. Gogoratu behar da ekainean lau greba egun egin zituztela Gasteizko lantegiko langileek lan hitzarmena berritzeko: zuzendaritzaren proposamenaren aurka egin zuten Gasteizko langileek, baina zentroen arteko batzordean onartu egin zen.
"Gasteizko lantegian lan egiten duten pertsonak izango dira beren lan baldintzak nola arautzen diren erabakiko dutenak, eta ez zentroen arteko batzorde bat, non Arabako lan zentroaren errealitatea indargabetuta geratzen den enpresaren aldeko gehiengoekin", adierazi du Labek, langileak emaitzagatik zoriontzearekin batera. "Erreferendumak agerian utzi du Gasteizko Michelingo lantegiak hemen negoziatu nahi duela eta negoziatu behar duela bere hitzarmena. Lehen urratsa baino ez da lan baldintza hobeak bilatzeko eta eskubideak berreskuratzeko", adierazi du ELAk.