argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Michelin ixtea eskatu dute ELA eta LAB sindikatuek, koronabirusagatik langile bat ospitaleratu ondoren
  • Ospitaleratua izan den langilea norbera babesteko ekipamenduak banatzen aritu zen gainontzeko langileen artean. Segurtasun erabatekoa ezinezkoa dela eta enpresak etekin ekonomikoa osasunaren gainetik ezarri duela salatu du LABek. Lantegi osoa desinfektatzea eskatu du ELAk.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko apirilaren 20a
Argazkia: construyendoarabaeraikiz.eus.

Iragan asteartean ireki zituen ateak berriro ere Gasteizko Michelinek. Ordutik, gutxienez langile bat gaixotu da COVID-19arekin –LABek salatu du enpresak ez duela langile kutsatuen inguruko informaziorik ematen–. Ospitaleratua izan den langilea Ferrovial enpresako azpikontratatua da. Eta iragan astean langileen artean norbera babesteko ekipamenduak banatzen egin zuen lan, sindikatuek jakinarazi dutenez.

Astearte goizaldean berrekin zion produkzioari Arabako enpresa handienetakoak. Segurtasun neurriak betetze aldera langileen laurdena soilik hasi zen lanean orduan, 800. ARGIA bertan izan zen, eta segurtasun neurriak betetzeko zailtasunak eta horien urraketak jazo zituen. Hurrengo egunetan langile kopuruak gora egin zuen progresiboki, eta ostiralean ia guztiak zeuden lanean –3.000 baino gehiago–.

Sindikatuak haserre

Michelingo zuzendaritzak etekin ekonomikoa osasunaren gainetik ezarri duela salatu du LABek. Segurtasun neurri zorrotzak ezarri direla onartu du, baina horiek ere nahikoak ez direla adierazi du. Michelinen itxiera eskatu du, baita ezinbestekoak ez diren gainontzeko jarduerak etetea ere: "Michelin bezalako enpresa batean prebentzio-neurri eredugarriak ezartzen ari dira; kontua da ekoizpena ez dela beharrezkoa, dagoeneko nahikoa stock baitute. Baina patronalak eta Eusko Jaurlaritzak eredugarritzat joko dituzte enpresa handi horretan hartutako erabakiak, ekoizpen-beharrik ez dagoenean eta oinarrizko zerbitzuetan erabiltzen ez diren milaka maskara eta eskularru alferrik galtzen direnean".

Jardueraren etetearekin batera, lantegia desinfektatzea eskatu du ELA sindikatuak: "Instalazioak erabiltzeari utzi behar diogu, horiek desinfektatu egin behar dira, eta, ondoren, jarduerara itzuli". Horrez gain, kutsatutako langilearekin kontaktua izan duten gainontzeko langileak identifikatzea eskatu du, eta denak berrogeialdian jartzea.