"Isiltasunean dagoen historia guztia argitara" ateratzeko asmotan egingo dute ikus-entzunezkoa.
Dokumentala Martxoak 3ko testigantzez osatuko dute, izan ere, Memoria Garako kideek adierazi dutenez, “askotan pentsatzen da 1976an Gasteizek bizitako guztia ongi kontatuta eta idatzita dagoela eta ez da egia, oraindik mikroistorio berri asko daude deskubritzeko“.
Hala ere, dokumentalaren ideia beste ekimen batean hasi zen ernaltzen; Denbora galduaren bila, txokolate eta madalena bat oroitzapen baten truke jardunaldian, hain zuzen ere.
Jardunaldia Marcel Proust idazlearen Denbora galduaren bila eleberrian oinarriturik zegoen: “Eleberriaren protagonistak zaporeen laguntzaz bere oroimena astintzen zuen, eta gure bertsio propioa antolatu genuen Zaramagan, txokolate eta madalena baten bueltan, jendarteari Martxoaren 3ko oroitzapenak konpartitzeko gonbitea luzatuz“, azaltzen dute Memoria Garako kideek.
Gainera, gehitzen dute beharrezkoak direla horrelako jardunaldiak gaur egun ere: “Oso ariketa aberasgarria eta polita izan zen, bertan egondako guztiontzat. Martxoak 3ko zauriak irekia darrai Gasteizen eta horrelako ariketa erreparatzaileak eskeini behar dira, herri memoria elikatzeko eta zaintzeko”.
Egun horretako esperientzia oinarri hartuta, argi izan zuten lehenengo momentutik proiektuarekin jarraitzeko beharra, eta horrela sortu zen dokumentalaren ideia: “Grabatutako guztiarekin zerbait egitea posiblea zela pentsatu genuen; testigantza gehiagorekin osatzea, idazleen hausnarketak gehitzea…”.
Memoria Gara ekimena 2018ko irailan aurkeztu zen. Arlo ezberdinetako gasteiztarrek sinatutako manifiestu batean oinarrituta, Zaramagako San Frantzisko elizan Memoria eta Giza Eskubideen Zentro bat eraikitzea helburu.
Bi ardatzetan oinarritu dituzte orain arteko ekimenak: Eliza eta erakundeekin harremanak eta bilerak eta Martxoak 3ko Eliza Memoria zentro bat bilakatzeko aldarrikapenaren herri-babesa lortzeko ekintzak, besteak beste, Sinadura bilketak, Eliza Inguratu giza-katea, Zaramaga auzoko memoriari buruzko liburu baten argitalpena eta lehen aipatutako Denbora galduaren bila jardunadia.
Hala ere, beraiek argi dute dinamika guzti hauek helburu jakin batera bideratuta dauden tresnak baino ez direla: “Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatutako hainbeste borroka, sufrimendu eta bizipen ugari kontatzeke daude. Horregatik aldarrikatzen dugu Memoria eta Giza Eskubideen zentroaren beharra, ekimen dinamikoak egin beharko dituena era zabal batean memoria osoa lantzeko. Proiektu hori gauzatu arte, bitartean, gure baliabideekin bidea egiten jarraituko dugu“.