1976ko martxoaren 3an poliziak bost langile hil zituen tiroz Gasteizen. Orduko biktimek, frankismo garaiko krimenen kontra Argentinan abian den ekimenarekin bat egin, eta tragediaren “arduraduna” auzipetzeko eskatu dute.
Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne Arazoetako ministro ohia da, haien aburuz, gertatutakoaren “errudun nagusia”. Martxoaren 3ko Biktimak elkarteak hilaren 28an egingo du epailearen aurreko deklarazioa, Buenos Airesen, Frankismoaren Kontrako Argentinako Kereilak bultzatutako auzian.
Bost langileen erailketa salatzeko protestan bi pertsona hil zituzten tiroz, Basaurin eta Tarragonan. Horiek ere presente izango dituzte Buenos Airesen.
Nerea Martinez eta Eva Barroso, Gasteizen 1976an hildakoen senideak, kexu azaldu dira Espainiako Estatuak ez dituelako epaitu gertakarian inplikatutakoak. Epaitu izan balituzte, “Espainiako inpunitate modeloa hautsi zezaketeen”. 37 urteren buruan, ordea, egoerak berdinean jarraitzen du, eta horregatik jo dute atzerriko justiziaren babespera.
“Ezberdin” tratatzen ditu Espainiako Estatuak biktimak. Hala adierazi dute Martinezek eta Barrosok; hori dela eta, biktimen arteko “diskriminazioa” zuzentzeko eskatu, eta gainontzekoen “tratu berbera” exijitu dute. Horrek, “elkarbizitza” eta “normalizazioa” ekarriko lituzkeelakoan daude.
Gasteizko Martxoaren 3ko Plazan eman dute erabakiaren berri, hildako langileak omentzeko Iñigo Arregiren Arrazoiaren indarra obraren inaugurazioan. Bertan izan dira, EH Bildu, EAJ, PSN eta PP.