argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Lauko Finalean doan lan egitera animatu ditu ikasleak EHUk
  • Lau milioi euroko diru-laguntza jaso du Gasteizen egingo den Europako saskibaloi finalak. Baina ekitaldian dohainik lan egingo duten 170 boluntario nahi ditu Euroligak, ostatua eta garraioa ordaindu gabe.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 30

Hezkuntza eta Kirol Zientzien fakultateko ikasleek EHUren mezu bat jaso dute, Gasteizko Lauko Finalean boluntario lanetan aritzeko izena ematera animatuz: “2019an Gasteizen egingo den Euroligako Lauko Finala ikuspuntu berezi batetik ikusi nahi duzu? Egin zaitez boluntario eta bizi ezazu barrutik!”.

Lau milioi euro jaso dituzte antolatzaileek: hiru milioi Arabako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik, eta milioi bana Gasteizko Udalaren eta Baskonia saskibaloi taldearen eskutik, baina ekitaldiko langileek ez dute zentimorik ere irabaziko, antza denez.

Albiste honek herritar ugariren haserrea eragin du. Gasteizko Campuseko Ernai taldeak salatu duenez, “prekarietatearen alde gogorrena bizitzera kondenaturik gaude ikasleak”.

Gogoan izan antolatzaileak Lan Ikuskaritzan salatu dituztela, 170 lagun doan lan egiten jarri nahi izatea lege iruzurra izan daitekeelakoan.