argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko La Vitorianako langileek hitzarmena sinatu dute hobekuntzak lortu ostean
  • Astearte eguerdian berretsi du langileen asanbladak ELA eta ESK sindikatuetako ordezkariek iragan astean adostutako aurreakordioa. KPIra lotutako soldata igoerak eta bestelako hobekuntzak jaso ditu akordioak. 2023 amaieran eta 2024 hasieran lanuzteak eta mobilizazioak egin zituzten langileek. Asteazkenean epaiketa egingo da kaleratze bat baliogabetzea eskatuz.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko urtarrilaren 16a
Lantegiko langileek mobilizazioak egin zituzten okindegien aurrean. Argazkia: ESk

“Astebete iraun zuten mobilizazioetan eta bertan antolatutako greben ostean, pas aden astean zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa langileen batzarrean onartu da gaur eguerdian”, dio Esk eta ELA sindikatuek igorri duten prentsa oharra. 2019-2025 aldirako sinatu dute hitzarmena La Vitoriana lantegiko 70 langileek (formalki beste enpresa batekoak diren dozenaka okindegietako langileei ez die eragiten).

“Aurrerapen garrantzitsuak”

“[Hitzarmenak] erosteko ahalmena bermatzen duen soldata igoerak jasotzen ditu, KPIri lotutako igoerekin, %13 ingurukoak, eta plusetan ere hobekuntzekin”, azaldu dute sindikatuek. Neurri gehiago ere lortu dituzte langileek, besteak beste, 600 euroko “konpentsazio ordainsaria” langile guztientzat, 3.000 euroko soldata igoera kategoria baxuenekoentzat, edo hobekuntzak zenbait baimenetan edo ezintasun iragankorretan.

Aldarrikatzen zituzten hobekuntza guztiak ez dituzte eskuratu langileek, sindikatuek aitortu dutenez, baina balorazio baikorra egin dute: “Aurrerapen garrantzitsuak dira prekarietateari aurre egiteko”.

Asteazkenean epaiketa kaleratze baten aurka

Konpondu ez diren gaien artean, antolaketa eta mobilizazio prozesuan zehar enpresak kaleratu dituen langileen egoera dago. “Langile bat kaleratu zuen langileen asanbladan parte hartu eta hurrengo egunean, eta aste honetan kaleratze berri bat egon da. Onartezina da, auzitara jotzea aztertzen ari gara” adierazi zion ESKsindikatuko ordezkari Itsaso Zabaletak ARGIARI elkarrizketan. Hain zuzen ere, asteazkenean epaiketa bat egingo dela jakinarazi dute sindikatuek ohar berdinean, “2023ko abuztuan gertatutako kaleratze baten baliogabetzea eskatzeko”.