argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Korda espazio okupatua desalojo arriskuan dagoela salatu dute
  • Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko apirilaren 07a
Auzoan Bizi, Herrizoma eta Zaharraz Harro

“Martxoaren 20an heldu zitzaigun zitazio zedula batek jakinarazi digunez espazioa desalojo arriskuan dago, oraindik horretarako datarik jarri ez duten arren”. Herrizoma elikadura sareak, Auzoan Bizi etxebizitza sareak eta Zaharraz Harro jai herrikoien asanbladak okupatu zuten Korda espazioa 2022ko ekainean, auzoko jaien barnean, eta beraiek jakinarazi dute espazioa desalojo arriskuan dagoela.

Korda espazioa 21 Zabalgunea udal sozietatearen jabetzakoa da. “Alde Zaharrean eta Gasteizen ugariak dira Zabalgunearea jabetzakoak diren auzo, eraikin, pisu zein lokalak eta horietariko asko hutsik daude, asko eta asko abandonaturik eta egoera oso txarrean”, salatu dute hiru eragileek. 2022ko ekainean okupatu zutenean espazioak denbora zeraman itxita eta galbidean. Lurra eta hormak berritu zituzten, edo sukalde txiki bat jarri, erabilera ahalbidetzeko. “Erabilera komunitario eta politikoa ematen jardun dugu azken hiru urteotan; bertan hitzaldi, ginkanak, tailerrak, asanbladak, bilerak, antzerkiak, bazkariak, topaketak eta bestelakoak egin ditugu, auzoko eragile ugarik erabili dutelarik”.

Alde Zaharrean 130 lokal huts daudela salatu dute Herrizomak, Auzoan Bizik eta Zaharraz Harrok, eta Korda “defendatuko” dutela iragarri, “auzoak berreskuratutako lokala ez dadin merkatuaren logikara bueltatu, herri egituren eta auzoko komunitate antolatuaren mesedetan jarrai dezan”. Proiektuari babesa adierazteko espazioaren aurrean talde argazkia atera dute dozenaka auzokidek igande arratsaldean.