argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko klub bateko bi arduradun atxilotu dituzte, emakumeak esplotatzea egotzita
  • Ertzaintzak bi emakume atxilotu ditu Gasteizen, eta hirugarren bat ikerketapean dago, prostituzio-delituak egotzita. Haien klubean aritzen ziren emakumeek esplotazio-baldintzetan lan egiten zuten, Ertzaintzaren arabera.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 02a
Artxiboko irudia: Irekia.eus

Abuztuaren 31n, ertzainak "gizakien salerosketarekin lotutako prebentzio-lanak" egiten ari zirenean, Gasteizko prostituzio-lokal batera sartu ziren, eta prostituitzera behartuta dauden nesketako batzuek "arduradunek ezarritako esplotazio-baldintzak" azaldu zizkieten.

Emakumeek lan-ordutegi zorrotzak bete behar izaten zituzten, eta oso denbora gutxi izaten zuten bizitza pertsonalaz gozatzeko, beti ordu-tarte jakin batean, gainera. Era berean, lanen bat suertatzen bazen, lokalera itzultzera behartuta zeuden eta nola jantzi behar zuten ere agintzen zieten. Zerbitzu horietan irabazten zuten diruaren %70 negozioko arduradunei ordaindu behar zieten.

Bezeroei drogak ere ematen zizkieten, hala eskatzen bazuten. Izan ere, ohe baten azpian droga poltsatxo bat aurkitu zuen Ertzaintzak. Agenteek langileen egoera argitzeko eskatu zieten arduradunei, eta ondoren atxilotu egin zituzten.

Bi atxilotuak igandean, hilak 1, eraman dituzte epailearen aurrera.