argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko hilketa matxista salatzeko mobilizazioak
  • 42 urteko gizon batek 37 urteko emakume bat hil du Gasteizen, eta bere buruaz beste egin ostean. Hilketa matxistaren aurrean mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Honekin, bost dira aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako emakumeak.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 13a
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Gasteizen (Argazkia: Hala Bedi)

Asteartean jakinarazi zen Ertzaintzak bikote baten hilotzak aurkitu zituela Gasteizko Sansomendi auzoko etxebizitza batean, goizeko 07:30ak inguruan. Bi gorpuek indarkeria zantzuak zituzten, eta hasierako hipotesia baieztatu egingo zen ikerketaren bidez: gizonezkoak labankadaz hil izanen luke emakumea, eta gero bere buruaz beste egin.

37 urte zituen emakumeak, eta 42 gizonak. Berriak jasotzen duenez, hainbat iturriren arabera bikotea banakntze prozesuan zegoen. Bi seme zituzten, 13 eta 17 urtekoak, eta horiek eman zioten abisua Poliziari.

Mobilizazioak

Gertakariaren aurrean gaitzespena agertzeko, hainbat dira deitutako mobilizazioak. Asteazkenean, goizeko 12:00etan, Gasteizko Udalak elkarretaratzea deitu du Gasteizko Plaza Berrian.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitu ditu mobilizazioak. Asteazkenean egingo da Gastezikoa, 19:00etan Andra Mari Zuriaren Plazan. Bilbon, Iruñean eta Donostian, ostera, ostegunerako egin dituzte deialdiak. Bizkaiko hiriburuan 19:00etan biltzeko deia egin dute, Arriaga Plazan; Iruñean, 20:00etan Udaletxe Plazan; eta Donostian 19:00etan Bulebarrean.

Litekeena da herrietan ere mobilizazioak deitzea, tokian tokiko talde feministen partetik.

2021ean hildako bosgarren emakumea

Azken kasua kontutan hartuta, bost dira aurten Euskal Herrian hil dituzten emakumeak. Berriaren Biktimen Maparen arabera, 2003tik 112 emakume dira indarkeria matxistaren biktima mortalak.