argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko hilketa matxista gaitzetsi dute mila lagun baino gehiagok
  • Mugimendu Feministak biktimak izandako babesgabetasun egoera salatu du. Iruñean, Donostian eta Bilbon astearte arratsaldean deitu ditu mobilizazioak Emakumeen Mundu Martxak.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 30a
Mugimendu Feministak adierazi du \"jendarte osoaren ardura\" izan behar duela \"indarkeria matxista ahalbidetzen duten jarrera konplize guztiekin amaitzea eta erasotzaileei aurre egitea\". (Argazkia: Arabako Alea)

Milatik gora pertsona elkartu dira Gasteizen larunbateko hilketa matxista salatzeko, Mugimendu Feministak Andra Mari Zuriaren plazan deitutako elkarretaratzean. Larunbat goizean aurkitu zuten Maialen Mazon 32 urteko emakumearen gorpua Gasteizko apartamentu hotel batean, 3 urteko alaba ondoan zuela. Orduak egin zituen alabak gelan, Ertzaintza iritsi arte.

Arratsalde horretan atxilotu zuten bere bikotekide ohia, hilketarekin lotuta, Zaragozan. 32 urteko gizona taxi batean zihoan Gasteiztik ihesean, Valentziara bidean. Astearte goizean Gasteizko guardiako epaitegira eraman dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Mugimendu Feministak adierazi du "jendarte osoaren ardura" izan behar dela "indarkeria matxista ahalbidetzen duten jarrera konplize guztiak baztertzea eta erasotzaileei aurre egitea". Indarkeria matxista kasuetan, prozesu osorako "kalitatezko babesa eta baliabideak" martxan jartzeko beharra adierazi dute, eta Mazonek jasandako "babesgabetasun egoera" salatu dute.

Urruntze agindua urratuta

Javi Roca emakumearen bikotekide ohiak urruntze agindua zuen ezarrita, eta Ertzaintzak horren berri zuen urtarriletik. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak agerraldia egin du astelehenean kasuaren inguruko adierazpenak egiteko. Urtarrilean Gasteizko hotel batean hartu zuen ostatu bikoteak, izen faltsu batekin. Horretaz jabetuta, hoteleko arduradunek Ertzaintza jakinaren gainean jarri zuten, eta orduan jakin zuen Poliziak gizonak urruntze agindua zuela.

Erkorekak adierazi duenez, Ertzaintza emakumearekin harremanetan jarri zen, eta hark urruntze agindua bertan behera uzteko eskatu zuen, "ez zelako arriskuan sentitzen" eta gizonarekin harremana mantendu nahi zuelako. Ertzaintzak atestatua egin zuen eta zegokion epaitegia kasuaren jakinaren gainean jarri zuen, sailburuaren arabera. Gizona zergatik ez zuten atxilotu galdetuta, Erkorekak adierazi du ez dakiela. Bikotea ez zenez Gasteizen bizi, ez zuen kasuaren jarraipenik egin Ertzaintzak.

Maiatzaren 18an Borrianako (Valentzia) Guardia Zibilak jakinarazi zion Ertzaintzari Maialen Euskal Autonomia Erkidegora bizitzera etortzekoa zela, eta orduan jarri zen berriz harremanetan emakumearekin. Sailburuak adierazi du orduan ere urtarrileko eskaera bera egin zuela, hau da, urruntze agindua bertan behera uzteko, arriskuan sentitzen ez zela-eta. "Ez da erraza arriskuan sentitzen ez den biktima bat babestea". Gasteizko apartamentu hotel batean hartu zuen ostatu emakumeak, kasu honetan ere izen faltsuarekin, Erkorekak baieztatu duenez.

Sailburuaren adierazpenen harira, Gasteizko irakurketan mugimendu feministak adierazi du ez duela onartuko "biktimizazioa erreproduzitzen duten irakurketa misoginorik". Erkorekari mezua helarazi dio: "Zeuen burua zuritzen denbora eman baino, protokoloak errebisatu, identifikatu zerk egin duen huts, neurri eraginkorrak martxan jarri eta instituzioetatik alde batera utzi ezin duzuen erantzukizuna zeuen gain hartu: erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea".

Asteartean mobilizazio gehiago

Emakumeen Mundu Martxak astearte arratsaldeko mobilizazioetan salatuko du larunbateko hilketa Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan. Donostian, 19:00etan Boulebarrean, Bilbon ordu berean Arriagan eta Iruñean 20:00etan Udaletxe Plazan.