argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Herri Unibertsitateko egitaraua aurkeztu dute
  • Herri Unibertsitatea antolatuko dute otsailaren 17, 18 eta 19 bitartean Gasteizko unibertsitateko ikasleek, aktualitatearen hausnarketa kritikoa burutu eta eztabaidak irekitzeko helburuarekin.

Hala Bedi @halabedi 2020ko otsailaren 10a
Argazkia: Hala Bedi.

Euskal Herriko gainontzeko kanpusetan bezala, Gasteizko unibertsitateak ere Herri Unibertsitatearen edizio berri bat hartuko du otsailaren 17tik 19ra. Ikasleak  buru-belarri aritu dira azken hilabeteetan edukiak prestatzen eta egitaraua antolatzen.

Aktualitatearen inguruko hausnarketa kritikoa egitea eta egun pil-pilean dauden eztabaida nagusiei heltzea dira Herri Unibertsitatearen edizio berri honi jarritako helburuak. «Etorkizuneko desjabetuon hezkuntza sistemaren bidean, gaur egungo ikasle mugimendutik jarritako hazia» horrela deskribatu dute antolakuntzan murgilduta dauden ikasleek.

Edukiz jositako hiru egun izango dira, asko eta asko ikasleek propioki sortuak. Martxoak 3aren eta martxoak 8aren inguruko hausnarketa politikoetan edota kultura eta arte ekoizpenaren inguruko eztabaidan sakontzeko aukera ere egongo da. Hainbat dinamikaren aurkezpenerako tartea ere eskainiko da, "Eurocopa honi EZ!" dinamikaren aurkezpena esaterako.

Ikasleen arteko elkar ezagutza  eta harremanetarako espazio izan nahi du Herri Unibertsitateak. Horretarako gauetan itxialdiak egingo dituzte Elurretan otsailaren 17 eta 18an. Otsailaren 19an, aldiz, bertso afari egingo da Auzolana pilotalekuan hiru egunetako egitarauari bukaera emanez.

Otorduen bonoak salgai

Unibertsitateko Farmazia Fakultateko kafetegian daude Herri Unibertsitateko otordu eta bertso afariko bonoak salgai. Unean bertan ere otorduak ordaintzeko aukera egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Otsailaren 19ko bertso afariko txartelak Hala Bedi tabernan egongo dira eskuragarri.