argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko herri harresian zaurituriko ertzain gehienak “gehiegizko esfortzuaren ondorioz” lesionatu ziren
  • Segurtasun Sailaren arabera, hemezortzi ertzainek hartu zuten min maiatzaren 18an Gasteizen egin zen herri harresiaren desegite lanetan. Bada, Legebiltzarrera bidalitako datuek erakusten dute gehiegizko esfortzuak eragin zituela horietako hamaseiren lesioak. Soilik bi zauritu zituzten kolpe, ostiko edota burukaden ondorioz.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 02a
Gehiegizko esfortzua pairatu zuten hainbat agentek adierazi dute kolpeak ere jaso zituztela, batik bat eskuetan, baina hauen diagnostikoetan ez zaie kolpe, ostiko eta bestelakoei aipamenik egiten

Garako Iñaki Iriondoren arabera, Jaurlaritza erresistentzia pasiboaren irudia zikintzen saiatu zen, agenteei aurre egiterakoan defentsa aktiboa ere izan zela esanez. Aipatu datuek, baina, kontrakoa erakusten dute, herri harresiko kideek zuzenean soilik bi agente zauritu baitzituzten. Gehiegizko esfortzua pairatu zuten hainbat agentek adierazi dute kolpeak ere jaso zituztela, batik bat eskuetan, baina hauen diagnostikoetan ez zaie kolpe, ostiko eta bestelakoei aipamenik egiten.

Iriondoren artikuluan jasotzen denez, zaurituriko hemezortzi ertzainetako bostek baja hartu zuten, baina horietatik soilik baten diagnostikoan ikus daitezke eraso zantzuak –erorikoa eta mina ezker eskumuturrean–. Gainontzeko lauen kasuan lesioak batik bat gainesfortzuak eragindakoak izan ziren.

Herri harresiko 42 kidek Ertzaintza judizialki salatu zuten

Hainbat atxilotu eta zauritu izan ziren Andra Maria Zuriaren enparantzan egin zen polizia operazioan. Askok agenteen oldarkortasuna salatu zuten. Guztira 42 izan ziren herri harresiko kideek Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa judizialak.