Gasteizko plataforma feministak Ertzaintzak Herri Harresia desegiteko erabili zuen indarkeria gaitzetsi eta poliziaren jarrera "sexista, homofoboa eta transfoboa" salatu du.
Bereziki, bertan zeuden emakumeei egindako irainak aipatu dituzte: “Puta, zorra, guarrilla” ("puta, urdanga, mari-zikina"), “Tu quien eres? La puta de un gudari?” ("zu nor zara? Gudari baten puta?"), “Guapita de cara, te voy a romper la nariz” ("aurpegi polit hori, sudurra hautsiko dizut") edo “Te voy a follar!” ("izorratuko haut"), izan dira mahai gaineratu dituzten irainetako batzuk. Ahozko irain eta erasoez gain, kolpeak eta ukituak ere egon zirela salatu du plataforma feministak.
Salaketekin batera, atxilotutako zazpi gazteei elkartasuna ere adierazi nahi izan diete, bereziki Ainhoa Villaberde, Aiala Zaldibar eta Marina Sagastizabali, azken hori Bilgune Feministako kidea. Gainera, hiruak Zaballako espetxean bakartuta daudela salatu dute.
[Albiste honen jatorrizko bertsioa Topatu.info-n argitaratu da eta webgune horren CC-by-sa lizentzia baliatuz ekarri dugu ARGIAra]