Hiriko dozenaka eragile sozial, kultural eta politikok Gasteizko Gaztetxearen aldeko agerraldia egin dute. Urriaren 5ean Udaltzaingoa baimenik gabe sartu zen gaztetxera, eraikina hustu eta barruan zeuden dozenaka gazteei isunak jarriz. Gaztetxeak uneoro arduraz jokatu duela azpimarratu dute, eta osasun arrazoiak aitzakia direla eta atzean bultzada politikoa dagoela adierazi dute.
Lehenik eta behin, gaztetxearen itxierak COVID-19aren osasun arrazoiekin loturarik ez duela azpimarratu dute gaztetxearen aldeko agerraldian: "Hala balitz, [udalak] espazioa kudeatzen duen asanbladarekin harremanetan jarriko zela ulertzen dugu, protokoloen berri eman edo hauengatik galdetzeko". Aldiz, "bultzada politikoa" ikusi dute Udaltzaingoaren operazioan, "kontrolpean ez dagoen oro debekatu eta arautzearen bultzada".
Pandemiaren aurrean faztetxea arduraz jokatzen ari dela ziurtatu dute agerraldian –Gazte Asanbladak azaldu zuen osasun segurtasunerako barne protokoloa zehaztua dutela–, "ez inork arautu edo agintzen diolako, hala behar dela ulertzen duelako baizik. Eta, arduraz, zabalik jarraitzea nahi dugu".
Espazio okupatuen eta gazteen alde
Gaztetxea gasteiztarron etxea dela defendatu dute eragileetako ordezkariek: sortzaileena, euskaltzaleena, auzoarena, herri mugimenduena, eta abar. "Muinoko etxea ez da negozioa, ezta enpresa ere, ez da balioaren menpe bizi, baloreetan oinarritzen da". Hain zuzen ere, udal gobernuari (EAJ-PSE) eta Gorka Urtaran alkateari aurpegiratu diete krisiaren aurrean errentagarritasun ekonomikoa lehenestea. Gaztetxeaz gain hirian logika horiei ihes egiten dieten espazioak eta ekimenak daudela oroitarazi diote Urtarani, Errekaleor edo Talka kasu: "Badira, Gorka, errealitate dira zure/gure hirian eta zilegi dira".
Gaztetxearen eta gazteriaren alde egiteko baliatu dituzte azken hitzak: "Gasteizko gazteak, axolagabe aurkezten dizkiguzun horiek, infantilizatu nahi dituzue, gaitasunez hustu. Baina hauek dira justuki antolatu eta ekiteko espazio bat eskaintzen digutenak. Gasteiztar guztiontzat atea zabalik mantentzea lortzen dute, atea zabalik elkartasunari, atea zabalik protestari, atea zabalik Gasteiz aldarrikatzaileari, atea zabalik sormenari, atea zabalik ardura sozialari. Manifestu honekin bat egiten dugun guztiok, ate hori zabalik nahi dugu”.
⬇️ "Muinoko etxea ez da negozio bat, ezta enpresa bat ere, ez da balioaren menpe bizi baloreetan oinarritzen da" pic.twitter.com/2JW8WakPUn
— Hala Bedi (@halabedi) October 30, 2020