Euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizirik dagoela erakusteko, Gasteizko hiztunen testigantzak jaso nahi dituzte Ahotsak.com webguneko kideek. Mintzaera horiek ikus-entzunezko batean jaso nahi dituzte eta proiektua finantzatzeko diru-bilketa abiatu dute Karena plataforman.
Ahotsak.com proiektuak hamaika urte daramatza herriz herri adineko jendea elkarrizketatuz, ahozko ondarea, herri hizkerak eta memoria historikoa batzen. “Gasteizko euskararen ahotsak” proiektuarekin, ordea, euskalkien mugetatik kanpo ere euskarak bizirik dirauela erakutsi nahi dute, Arabako hiriburua eredutzat hartuz.
“Jaiotzez zein bihotzez” gasteiztarrak direnen testigantzak jasoko dituzte; euskarak zer sentipen sortzen dizkien, euskara nola bizi duten eta euskaraz nola bizi diren jakiteko. Ahots horiek ikus-entzunezko batean biltzea da asmoa.
Euskarak azken 20 urteotan igoerarik handiena Araban izan duela eta Gasteiz hiriburu politiko eta kultural bihurtu dela adierazi dute proiektuko kideek beren webgunean. Adin guztietako euskaldunak elkarrizketatu nahi dituztela diote, “badelako ordua gasteiztarren ahotsak jaso eta Gasteiz euskalduna ezagutarazteko”.
Diru-bilketa abian
Ekainaren 18tik abian dago diru-bilketa www.karena.eu euskarazko lehenengo crowfunding plataforman. Ondorengo loturan egin daitezke ekarpenak, egitasmoari buruzko azalpen gehiago eskuratzearekin batera: http://www.karena.eu/proiektua/gasteizko-euskararen-ahotsak
Proiektua aurkezteko hurrengo bideoa plazaratu dute: