argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatua, kolokan?
  • Unibertsitatea martxan jartzeko lege-proiektua martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta irailean berretsi behar zuen legebiltzarrak. Baina Espainiako Gobernuak dekretu bidez gogortu ditu hezkuntza zentroak unibertsitate kontsideratzeko bete beharreko gutxieneko baldintzak, eta Euneizek ez ditu baldintzak betetzen.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 29a
Gasteizko Baskonia Kirol Hiria (Bakh). Argazkia: @zarateman

Euneiz (European University of Gasteiz) ikasketa zentro pribatuari Eusko Jaurlaritzak atea ireki zion martxoan, baina asteazken honetan Espainiako Gobernuak dekretu bidez gogortu ditu goi mailako hezkuntza zentroak unibertsitatetzat hartu ahal izateko bete behar diren baldintzak. Eta Euneiz ez da legedi berrira egokitzen.

Uztailaren 28an argitaratutako dekretuak zentroek eskaini behar duten gutxieneko eskaintza akademikoa biltzen du: graduko hamar  titulu, sei master eta bi doktoretza programa. Gasteizko makro zentroan bederatzi graduko titulu eskainiko dira ordea (Fisioterapia, Kirolaren Zientziak eta eduki digitalak sortzeko ikasketak, besteak beste). Horrez gain, bost ezagutza adarretako (Arteak eta Giza Zientziak, Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak eta Ingeniaritza eta Arkitektura) gutxienez hiru egon behar dira hezkuntza curriculumean jasota, eta Euneizek bi adar hartuko ditu. Beste hainbat baldintza ere zorroztu ditu dekretuak.

Aldaketarako tartea

Euneizek, martxan jartzen den momentutik hasita, bost urteko epea izango du hezkuntza eskaintza handitzeko eta dekretura egokitzeko. Gasteizhoy hedabideak jaso duenez, zentroaren bultzatzaileek uste dute Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso dutenez (Eusko Legebiltzarrak berresteke), bost urtetan gara dezaketen aldaketa dela. 

Atzean, Baskonia-Alaves taldea

Josean Kerejetaren Baskonia-Alavés taldeak Innovaraba proiektuaren barruan sustatutako ekimena da Euneiz. 33,3 milioiko aurrekontua dauka; horietatik 30 Europako laguntzetatik datoz eta beste 2,5 inguru Arabako Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik eta Gasteizko Udaletik.

Zentroaren helburua Buesa inguruan “hezkuntza, kirol eta enpresa hub” delakoa sortzea dela adierazi dute bultzatzaileek. Baina asko izan dira proiektuaren kontra egin duten ahotsak, hezkuntza negozio bihurtuko dutela argudiatuz eta EHUn jada dagoen eskaintza errepikatuz unibertsitate publikoari lehia egingo zaiola esanez.