Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo argitaratu dituzte irakasle beraren aurka, irakaslearen izena eman gabe, baina Filologia Hispanikoko irakaslea dela zehaztuta. ARGIAk gradu hori urte desberdinetan egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du, eta kasua aspalditik ezagutzen duen laugarren pertsona batekin ere bai. Laurek eman dute irakasle berberaren izena, laurek berretsi dituzte salaketetan deskribatzen diren hainbat portaera, eta batek salatu du irakasleak sexu eraso bat egin ziola. Hainbat salaketaren arabera, irakaslearen aurkako salaketa formala aurkeztu zen unibertsitatean, baina ez da aldaketarik izan.
“Bada irakasle bat Gasteizko Letren Fakultatean, Filologia Hispanikoko karreran, ikasleriari mota guztietako jazarpenak egiten dizkio, bereziki psikologikoa”. Hori da Denuncias Euskal Herria kontuan agertutako lehen salaketaren hasiera, otsailaren 3koa. Salaketaren arabera, irakaslea, besteak beste, “beti ari da ikasleengana hurbiltzen, eskuetatik heltzeko, eskua gerritik pasatzeko eta beste. Baina kezkagarriena da ikasleak bulegora deitu eta txekeo oso bat egiteko ohitura duela, 'birjina zara? Nola duzu autoestimua?' moduko galderekin". Ordutik eta otsailaren 9a arte, irakasle beraren aurkako beste lau salaketa argitaratu dituzte Instagrameko kontuan.
Hirugarren salaketa gizonezko batena da (salaketa guztiak gazteleraz idatzita daude, eta honek maskulinoan idazten du salatutako irakaslearen “ikasle” izan zela). “Ni neu gizon honen bulegora joan naiz, 'ikasgaiaren lanaren gaia zehaztera', eta galdetu dit ea harreman sexualak kondoiarekin nituen, inoiz abusuak pairatu ditudan edo ea ze nota jarriko niokeen nire autoestimuari. Poema bat irakurri bitartean eskua heldu arazi zidan”, dio, besteak beste.
Lekukotasunetan, irakaslearen ustezko hainbat portaera errepikatzen dira: ikasleei bizitza pertsonal eta sexualaz galdetzea, laztanak eta ukituak egitea, gazteen zaurgarritasuna bilatu eta horren aurrean jarrera lagunkoia erakustea, edo harreman oso estuak bilatzea
Instagrameko laugarren salaketak irakaslearen bulegora eginiko lehen bisita deskribatzen du. “Kontsulta akademiko bat egitera joan nintzen, baina laster birbideratu zuen elkarrizketa gai pertsonaletara (familia harremanak, bikotekoak, ardura bitalak...). Oso lausengaria izan zen, oso azkarra eta berezia nintzela esan zidan. Poema bat irakurri zidan uneoro eskua laztantzen zidan bitartean”. Ikasleak irakaslearekin harremana izaten jarraitu zuen: “Bulegotik irtetean edo sartzean musua eskatzen zidan masailean, edo besarkada bat. Nik hori guztia onartu nuen, baina une batean iruditu zitzaidan dena tokiz kanpo zegoela eta distantzia hartu nuen”. Denborarekin bizi izandakoa beste modu batera ulertzen du ikasle ohiak: “Oso larria iruditzen zait irakasle bat etengabe bere 19-20 urteko ikasleengana hurbiltzen saiatzea, bere bizitzaz gauzak jakin nahi izatea, harekin zaurgarri izan daitezen saiatzea, bere bulegoan egitea, beti bakarrik, kontaktu fisikoa bilatzea, besarkadak eskatzea, musuak, masailetan bada ere, gerria ukitzea...”.
Bosgarren salaketak antzeko bilakaera azaltzen du, baina amaiera gatazkatsuagoarekin. “Hasiera batean sakon miretsi” zuen irakaslea “denborarekin larritasun askoren iturri bilakatu zen”, dio. “Askotan joan nintzen bere bulegora, behin gradua amaituta ere. Bat egin zuen arazo pertsonal larria izan nuen garai batekin eta dena eman zuen nire alde. Astean hainbatetan deitzen zidan, bere bulegora joan nendin esaten zidan behin eta berriz, askotan inbadituta sentiarazten ninduten galdera pertsonalak egiten zizkidan, nire erabaki pertsonalak auzitan jartzen zituen... Bere etxean asteburu bat pasatzera gonbidatzera heldu zen, ni laguntzeko”, dio ikasle ohiak. Gero eta “deserosoago” bere “mugak ez zirela errespetatuak izaten ari” sentitzen zuelako, une batean “distantzia” hartzea erabaki zuen, baina, ikaslearen esanetan, irakasleak tematuta jarraitu zuen mezuak bidaltzen, “eta bidali zidan azkenarekin, zeinean esker txarreko deitu zidan, gainezka egin zuen egoerak”. Irakaslea blokeatu zuen orduan. “Denbora luzean errudun sentitu naiz, antsietatea sentitu dut bizi den hiria bisitatzen nuenean... baina denborarekin nik ere ikusi dut portaera horiek ez zirela ez egokiak ez normalak”.
Instagrameko lekukotasunetan, hortaz, irakaslearen ustezko hainbat portaera errepikatzen dira: ikasleei bizitza pertsonal eta sexualaz galdetzea, laztanak eta ukituak egitea, gazteen zaurgarritasuna bilatu eta horren aurrean jarrera lagunkoia erakustea, edo harreman oso estuak bilatzea, espazio akademikotik kanpo ere.
“Denek dakite”
Bost salaketetatik lauk irakaslearen portaera orokortua zela ematen dute aditzera. Jazarpena “ikasleei” egiten ziela dio lehenak. “Nire ikaskideek gizon honekin izan zituzten hainbat anekdota ezagutzen ditut, nire esperientzia propioa barne”, bigarrenak. “Karrera Gasteizen ikasi duen edozein pertsonarekin hitz egiten duzun aldiro bere izena agertzen da eta honetaz guztiaz hitz egiten da”, hirugarrenak. “Badakit ikaskide gehiagok antzeko bizipenak izan zituztela, batzuk bulegotik pixka bat beldurtuta irteten ziren eta ez ziren gehiago bueltatzen”, laugarrenak.
Aurretiko salaketa?
Bi ikasleren arabera, irakaslearen aurkako salaketak eta kexak aurkeztu zituen norbaitek edo norbaitzuek, baina horrek ez zuen ezer aldatu. “Salaketa izan zuen, denek dakite zer egiten duen, beti jasotzen ditu kexak eta hor jarraitzen du”, dio bigarren salaketak. “Kexa formala jarri zen eta dena ezerezean geratu zen”, hirugarrenak.
EHUk ARGIAri baieztatu dio hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela. "Berehalako erantzuna ematen ari da Gobernu Taldea, Berdintasun Zuzendaritzarekin elkarlanean. Beharrezko neurriak hartuko dira, protokoloak zehazten dituen urratsak jarraituta", adierazi dute. EHUk errektoretza berria du urtarrilaren 27tik, Joxerramon Bengoetxea buru.
ARGIAk beste lau pertsonarekin hitz egin du. Bertan deskribatzen diren portaerekin bat datozen lekukotasunak eman dituzte. Horietako batek pertsonalki jasandako sexu eraso bat salatu du
Lekukotasun gehiago jaso ditu ARGIAk
ARGIAk Filologia Hispanikoa egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du, eta kasua ezagutzen duen laugarren pertsona batekin, bakoitzarekin aparte. Laurek eman dute izen bera kazetariak aurrez aipatu gabe: Juan de la Cruz Ramos. Laurek eman diete erabateko sinesgarritasuna salaketei, eta hiruk adierazi dute ezagun dela unibertsitatean irakaslearen aurkako salaketa bat behintzat jarri zela duela urte batzuk.
2010eko eta 2020ko hamarkadetan izan dute irakasle De la Cruz ARGIArekin hitz egin duten ikasleek, ia hamar urteko aldearekin. Nahiago izan dute beren bizipen pertsonala ez argitaratzea, baina sinesgarritasun osoa eman diete Instagrameko salaketei, eta bertan deskribatzen diren portaerekin bat datozen lekukotasunak eman dituzte. Horietako batek pertsonalki jasandako sexu eraso bat salatu du. Hiru ikasleetako bik adierazi dute entzuna dutela ikasle batzuek irakaslearen aurkako salaketa jarri zutela urte batzuk direla.
Filologia Hispanikoko ikaslea edo irakaslea ez den baina kasua ezagutzen duen pertsona batekin ere hitz egin du ARGIAk. Ziurtatu du kasua “vox populi” dela fakultatean “urte asko direla” (irakaslea 2002an hasi zen Gasteizko Letren Fakultatean klaseak ematen). Ziurtatu du De la Cruzen aurkako salaketa 2019an aurkeztu zutela ikasleek, baina ez dela aldaketa esanguratsurik egon.
ARGIA salatutako irakaslearekin harremanetan jartzen saiatu da, informazioa gezurtatzeko edo bere hitzak jasotzeko aukera emateko. Astelehen goizean mezu bana helarazi zitzaion bere e-posta pertsonalera zein lanekora. Momentuz, ez da erantzunik egon.
Salaketa edo lekukotasun bat eman nahi izanez gero: salaketak@argia.eus
Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.
Alberto Martínez Jaurlaritzarne osasun aholkulariak jakinarazi du erabakia, Gasteizeko Legebiltzarrean. Langile guztiak subrogatuko dituztela ere esan du.
Future Game proiektuak EAEko gazteen osasun mentalaren inguruko ikerketa egin du. 18-35 urteko gazteen %87,7ak osasun mentaleko tratamenduak osasun publikoak bere gain hartu beharko lituzkeela pentsatzen du; %64,5ak osasun mentalaz hitz egitean haien iritzia kontuan hartzen ez... [+]
Lau urteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta hiru urtez 12 urteko biktimarengandik urruntzeko agindua eman du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Neskari 6.000 euro ere ordaindu beharko dizkio erasotzaileak kalte-ordainetan.
Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin estrategikoetako 210 mila tona merkaturatzeko agindua eman du,... [+]
ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea... [+]
Irakasleek urtetan pilatutako jakintza kontuan hartzea, klaustroek erabakiak hartzeko autonomia bermatzea, IKTen “uneoroko erabilera” sustatzen duten planak geldiaraztea, eta ikasgeletan aldaketa metodologikoak sartu aurretik dituzten ondorioak tentuz aztertzea... [+]
Apirilean zen sartzekoa araua baina atzeratzea erabaki dute. Derrigorrezkoa izanen da ibilgailuetan agiria eramatea, ez soilik hiri eta herri nagusienetan sartu ahal izateko, baita kostalde osoko errepideetan mugitu ahal izateko ere.
Hamarkada batez lokarturik izan ondotik, otsailaren 22an iratzarriko dute hartza Miarritzen. Festilasaik, Arroka elkarteak, Maritzuli dantza konpainiak, Gaztetxeak eta Ikastolak bat egin dute, aurten, programazio berezi bat eskaintzeko.
Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.
Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]
Atxuri auzoan 2019ko azaroaren 5ean Voxen kontra egin zuten bederatzi pertsonaren kontrako epaia iritsi da. Akusatuek ez dute espetxean sartu beharko.
Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta... [+]
Azken hogei urteetako gazteen kokapen politikoa izan dute aztergai The Economisten. Europan 18-29 urte arteko gizonak emakumeak baino posizio kontserbadoreagoetan kokatzen dira.
Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]