argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Auzolana pilotaleku okupatuaren “Inaugurazioa 2.0” ospatuko dute urtebeteko itxialdiaren ostean
  • Urtebetez egon da Gasteizko Alde Zaharreko frontoi okupatua itxita, 2023an kazkabar ekaitz batek teilatua apurtu ostean. Pozik daude pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak, konponketa prozesuak erakutsi dielako pilotalekua “espazio garrantzitsua” dela auzorako, eta asanblada bera “indartuta” aterako delako. Urriaren 19ko larunbaterako pilota partidak, ekitaldia, edo herri bazkaria prestatu dituzte.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko urriaren 10
Uztailean herri bazkaria egin zuten Auzolana pilotalekuan, Zaharraz Harro jai herrikoeien barnean. Oraindik itxita zegoen frontoia orduan, konponketen erdian. Txapa Ahotsa asanblada

“Urtebete pasatxoko etenaren ostean ireki dugu frontoia azkenean, eta iritsi zaigu behar bezala ospatzeko garaia!!!”. Horrela hasten da sare sozial eta posta elektroniko bidez Txapa Ahotsa asanbladak zabaldu duen mezua. Prozesu luze baten itxiera izango da ospakizuna.

2023ko uztailaren 6an kazkabar eta haize ekaitz indartsu batek txikizio handiak eragin zituen Gasteizen eta inguruetan, baita Auzolana frontoiko teilatuan ere. Ekaitzak hainbat zulo eragin zituen, eta zenbait xafla osorik erauzi. Egun hartan, eta orduz geroztik euria egiten zuen bakoitzean, ura erortzen zen zuzenean kantxara, urpean geratzera heldu arte. “Iruñeko txupinazoaren egunean guk gure txupin propioa izan genuen”, gogoratu du umorez Sergio Mediavilla Txapa Ahotsa asanbladako kideak. Baina hasiera batean umorea ez, larritasuna nagusitu zen, kalteen tamaina aztertuta pentsatu baitzuten teilatua osorik aldatu beharra egongo zela, eta zalantza piztu zen, horrek eskatuko lukeen lan kargari eta diruari aurre egiteko gaitasunik ote zegoen. 2008an okupatu eta ireki zen Auzolana frontoia, eta hamasei urteotan lehen aldiz egon da itxita denbora luzez. Azkenerako, ordea, azterketa zehatzagoa egin eta hainbat iritzi jaso ostean, ikusi zuten konponketa handia behar zela, baina ez osoa. Garantzitsuena, kaltetutako xafla ugariak kendu eta berriak ezartzea. Obra konplikatua zen, edonola ere.

Auzolana pilotalekua auzolanean konpontzen

Konponketei aurre egiteko modua azpimarratu du Mediavillak: espazioaren erabiltzaile eta lagunei asanblada ireki baterako deia egin zieten, eta bertaratutakoen artean antolatu zituzten hurrengo urratsak. Lehenbizi, kalteak aztertu eta balizko konponketa moduak baloratu. Ondoren, gastuei aurre egiteko sosak lortu: “Elkartasun boletoak saldu genituen, arropa atera genuen, eta udan eragile batzuek beren txosnetan txandak egitea eskaini digute ateratako dirua guri emateko”. Teilatuaren konponketa lanak uda aurretik hasi zituzten. Lan teknikoenak pertsona gutxi batzuen esku geratu dira halabeharrez, baina beste batzuk egitea edonoren esku zegoen eta jende ugarik hartu du parte modu batera edo bestera: auzokideak, aurreko urteetan frontoia erabiltzen zuten auzokideak eta eragileetako kideak... Ekainaren 27an auzolana deitu zuten Zaharraz Harro! jai herrikoien barnean. Behin teilatua estalita, kantxako lurra lixatu eta margotu zuten azkenik. Albistearen amaieran konponketa lanen hainbat argazki daude ikusgai.

Berrinaugurazio ofiziala larunbatean egingo badute ere, irailaz geroztik bere ohiko bizitasuna berreskuratu du Auzolana pilotalekuak. “Topera dago, eta jendea poz-pozik”, dio Mediavillak. 2008an jaio zenetik, espazioa hiru hilabetean behin egiten diren asanblada orokorren bitartez antolatzen dute nagusiki. Bertan banatu eta antolatzen dira ordutegiak eta oinarrizko garbiketa. Irailaren 12an egin zuten lehenbizikoa, ia urte eta erdiren ostean. Baina pilota jokoez gain, bestelako jarduera asko hartu ditu Auzolanak azken hamasei urteotan, besteak beste herri bazkariak, ekitaldiak, hitzaldiak, dantza edo musika taldeen entseguak. Horiek ere pixkanaka berreskuratzen hasiko dira.

Pozik daude Txapa Ahotsa asanbladako kideak. Urte beteren ostean frontoia berriz ere martxan dagoelako, ekaitzaren ostean eta tarte batez proiektuaren jarraipena bera arriskuan ikusi eta gero. Baina ez horregatik bakarrik. Auzolana “auzoaren eta frontoiaren lagunen parte-hartzeari esker” biziberritu dutela azpimarratu du Mediavillak, “sentitu dugu hiriarentzako, baina batez ere auzoarentzako espazio garrantzitsua dela hau”. Pozerako azken motibo bat ere aletu digu. Espazioaren kudeaketaz arduratzen den Txapa Ahotsa asanblada 2023ko kazkabar ekaitzaren garaian zegoena baina indartsuago dago egun: “Prozesu honetan jende berria batu zaigu, indartuta eta gogotsu gaude etorkizunera begira”.

Urriak 19, ospatzeko eguna

Goizean goizetik hasiko dira jarduerak larunbatean Auzolana frontoian, Mediavillak aurreratu duenez: Goian Gasteizko Alde Zaharreko proiektu sozio-komunitarioko haurrak arituko dira pilotan lehenik, helduen partida hasiko da ostean, bertsoek eta ekitaldiak emango diote jarraipena egitarauari, eta marianitadaren ostean herri bazkaria egingo dute, Auzolanaren “Inaugurazio 2.0”a Zaharraz Harroko urteroko Eskerrik asko bazkariarekin uztartuta. Hortik aurrera zenbat luzatu, bakoitzaren esku. Bazkarirako aldez aurretik eman behar da izena, Auzolana frontoian bertan, urriaren 15a baino lehenago, edo txapaahotsa@gmail.com helbidera idatzita.

 

 Txapa Ahotsa asanblada
Teilatuaren konponketa hasiera, lurra oraindik hondatuta Txapa Ahotsa asanblada
Teilatua konpontzen Txapa Ahotsa asanblada
Teilatuaren konponketaren azken fasea Txapa Ahotsa asanblada
Lurra lixatzen Txapa Ahotsa asanblada
Lurra margotzen Txapa Ahotsa asanblada
 Txapa Ahotsa asanblada