PPk eta EAJk akordioa lortu zuten atzo Gasteizko Udaleko aurrekontuen inguruan. Legegintzaldiko lehen akordioa da bi alderdien artean eta Bizkaiko Aldundiaren premiek bultzatu dute.
Bizkaiko aurrekontuak historian lehenbiziko aldiz luzatzeko arriskua baitzegoen. Horrek eraman du EAJ Arabako hiriburuan negoziatzera. Bi eguneko negoziazioen ondoren lortu dute aurrekontu egitasmo amankomuna adostea jeltzaleek eta popularrek.
Adostutakoaren xehetasunak esplikatzeke dauden arren, El País egunkariak aurreratu duenez Gasteizko Etorbidearen erreforma egiteko kostuak murriztuko ditu Udalak jeltzaleekin negoziatu ostean. Gainera, lan publikoa mantentzeko konpromisoa hartu du Javier Marotok gidatzen duen erakundeak.
Akordioarekin bidea erraztuko zaio Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiari aurrekontu foralak aurrera ateratzeko. Ahaldun jeltzaleak aurkeztutako aurrekontu proiektuari 85 zuzenketa jarri dizkie PPk, baina alderdi horretako iturriek Prisa taldeko egunkariari aurreratu diotenez, datorren astean iritsi liteke Bizkaiko kontuen inguruko akordioa.