argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Arquillos jantoki sozialera doazenen kopurua handitu da, langile kopurua ez
  • Gasteizko Desamparados jantoki soziala itxi ostean, handitu egin da Udalaren ardurapean dagoen Arquilloseko jankideen kopurua, 30etik 50era. Antzeko zerbitzua eskaintzeko langile gehiago eskatzen dizkie Udalak azpikontratei, baina Arquillosen ez du langile gehiago jarri, ESK sindikatuak salatu duenez.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 20a
ESK

Sindikatuak azaldu duenez, udal ordezkariek esan zieten 50 pertsonari zerbitzu emateko garbitzaile-zerbitzari bakarra ratio egokia dela, eta sukaldari bakar bat ere nahikoa dela. Antzerako zerbitzuen ratioak ezagutu nahi zituztela adierazi zuen ESK-k eta handik gutxira jaso zuten Udalaren erantzuna: ez dagoela Udalak eskaintzen duen antzeko beste zerbitzurik, ratioak konparatzeko.

Sindikatuak, ordea, etxeko lanak egin ditu eta dio jantokia azpikontratatuta duten Gasteizko zahar etxeetan Udalak behartzen dituela bi langile izatera, eta bakarra soilik zerbitzatutakoen kopurua 30etik beherakoa bada. Lakua-Arriaga (40 zerbitzatu) edo San Martin (48 zerbitzatu) aipatu ditu ESK-k, Arquillosekin (50 zerbitzatu) alderatzeko.

“Gasteizko Udalak ezin ditu langile eta kalitate ratio txikiagoak onartu beretzat, antzeko zerbitzua ematen duten enpresa azpikontratatuentzat eskatzen dituenak baino”.