argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz Antzokia irekiko dute ostegunean Izaskun Arrue Kulturgune izenarekin
  • Ostegunean, 18:15ean irekiko dute Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK), Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea batuko dituen egitasmoa. Ekainean udalarekin 2024ko hitzarmena sinatu zuenetik Lazarraga Kultur Elkarteak lehenbailehen ireki nahi izan du kultur-gunea. Irekiera ekitaldiaren ondoren bisita gidatuak egingo dituzte, uztailaren 19 eta 22an.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 18a
Antzokiaren itxura barrutik. Argazkia: IAK

Lazarraga Kultur Elkarteak, Gasteizko udalarekin desadostasunak konpondu eta ekainean 2024ko hitzarmena sinatu zuen. Ruiz de Bergara Jauregiko giltzak jaso zituztenetik, kultur-gunea lehenbailehen irekitzeko lanean aritu dira elkarteko kideak. Uztailaren 18an egingo dute antzokiaren irekiera ekitaldia, 18:15ean. Uztailaren 10etik aurrera webgunea eta sare sozialak jarri zituzten martxan. Uztailaren 22tik aurrera hasiko dira hainbat deialdi egiten: Taulara, formatu txikiko antzezlan eta bakarrizketentzako deialdi irekia; Muina, kultur-jarduera bat gauzatu nahi duen herritar ororentzat zuzendutako proposamen poltsa; eta Egin Leku, musikari hasiberrientzako plaza.

 

Lukas Etxeberria Lazarraga Kultur Elkarteko kideak ondorengoa adierazi du: “Euskaraz jakin edo ez jakin Izaskun Arrue Kulturgunea guztientzat irekita egongo da, euskal kultura guztiok partekatzea nahi dugulako. Beraz, gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete IAK-era.”

 

Uztailaren 19an eta 22an bisita gidatuak antolatu dituzte. Egun bakoitzean bi bisita egingo dituzte, 10:00etan eta 11:00etan. Lehen egunean biak euskaraz izango dira, bigarrenean, berriz, euskaraz eta gaztelaniaz. Abuztuaren 6an, Gasteizko jaietan, familia jarduera egingo da, 11:00etatik aurrera. Bertan Prospero Teatrok girotuta, egunerokotasunean botatzen diren gauza eta objektu birziklatuekin sortutako jolasekin jardun ahal izango dute haur eta gaztetxoek.

 

Uda ostean hiru hilabeteko maiztasuna izango du programazioak eta urtaroka egingo dute aurkezpena. Iraileko bigarren asteburutik aurrera, beraz, udazkeneko programazioa jarriko da martxan. IAK-ek kulturaren kate osoa lantzea izango du helburu: sormena, ekoizpena, taularatzea edo erakustea, komunikazioa eta audientziak. IAK-ek azaldu du hiriko dinamika suspertzeaz gain, Gasteizek euskararen erabilera normalizatzeko espazio berria izango dela antzokia, euskal kulturaren eta aisialdiaren bidez.