argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Alde Zaharreko herri mugimenduak babesa adierazi dio Auzolana pilotaleku autogestionatuari
  • Larunbatean 300 pertsona baino gehiagok bat egin zuten Gasteizko Auzolana pilotalekua kudeatzen duen Txapa-Hotsa asanbladaren deialdiarekin. Udal Gobernuak frontoi autogestionatua eraisteko asmoaren aurrean, elkartasuna eta babesa emateko prest azaldu dira.

Axier Lopez @axierL 2017ko martxoaren 06a
Larunbatean argazki koloretsua egin dute frontoiaren defentsan

Auzolana pilotalekuak duen “erabilera ugaria eta anitza” era grafikoan islatzeko asmoz argazki jendetsua antolatu du Txapa Hotsa asanbladak larunbatean. Dei horri erantzunez, Alde Zaharreko pertsona eta kolektibo asko agertu dira frontoira: Auzokideak, frontoia birgaitzeko auzolanetan parte hartu duten lagunak, herri bazkariez gozatu dutenak, feministak, auzogintzan diharduten kolektiboak, ekologistak, euskaltzaleak, migranteen elkarteak, presoen aldekoak, sindikalistak, dantzariak, esgrima zaleak...

"Udal Gobernua bakarrik dago Auzolana pilotalekua eraisteko asmoan"

Pasa den irailetik, Udalaren proiektuan inplikatuta dauden pertsona eta taldeekin hitz egin du Txapa Ahotsa Asanbladak, iritziak partekatzeko asmoz. Horren ondorioz, Gasteizko euskalgintzan eta auzogintzan diharduten pertsona eta mugimendu guztiek ulertzen dute Antzokia ezin dela Auzolana pilotalekua eraitsita eraiki, adierazi zuten pasa den urtarrilean. Horregatik larunbatean, Udal Gobernuaren “bakardadearen” ifrentzua erakutsi nahi izan dute, pilotalekuaren alde direnak elkartuz. Oso pozik azaldu dira asanbladako kideak jende kopuruak haien aurreikuspenak gainditu dituelako.

Gasteiz Antzokiaren proiektuak aurkezteko lehiaketaren pleguetan bi aukera ematen ditu Gorka Urtaranen udal-taldeak: Frontoia ikutzen ez duena, batetik eta bestetik, eraisteko baimena ematen duena. Baina pleguen irakurketak “argi uzten du hitzez esaten dena egiatan ezinezkoa dela”, salatu du Txapa Hotsak. Baldintzek eta proiektuak puntuatzeko irizpideek ezinezko egiten dute, asanbladaren ustez, frontoia eraisten ez duen proiektu batek lehiaketa irabaztea. Beraz, frontoiko kideek argi dute gaur gaurkoz Udal-gobernuaren asmoa bera izaten jarraitzen duela: Auzolana pilotalekua eraistea. Pilotalekuko lagunek larunbatean jasotako babesa eta elkartasuna ikusirik ondorengoa adierazi dute: "Asko gara inposaketaren eta gezurren aurrean frontoia defendatzeko prest gaudenak eta ez dugu utziko hainbeste urtetako bizitza eta lana eraisten".