argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Alde Zaharra saltzen ari zarete. Espekulatzaileei mesederik ez

Talka @TalkaGasteiz 2020ko uztailaren 21

2019ko abenduan, hamarkada bat baino gehiago hutsa zeraman lokala okupatu genuen, Hedegile 33koa, hain zuzen. Desalojotik 3 hilabete pasa diren honetan, gogora ekarri nahi dugu lokal hori aukeratu izana ez zela kasualitate hutsa. Izan ere, lokal horrekin eta beste hainbatekin Udalak baimendu duen ustelkeria, espekulazioa eta gentrifikazioa salatu nahi izan dugu.

Jakin badakigu lokala Adolfo Dominguezen denda izan zela, eta multinazional horren hasierako asmoa Hedegile kalean sei denda zabaltzea zela, azkenean bi bakarrik zabaldu zituen arren. Kale horretan lokal huts ugari daudela ere badakigu, eta baita 90. hamarkadan Gasteizko Udalak Alde Zaharreko hainbat eta hainbat etxebizitzen desjabetzeari ekin ziola ere, bizilagunei merkatuaren balioaren azpitik ordainduz gentrifikazio prozesu bati hasiera emateko.

Adolfo Dominguezek berak ere onartu izan zuen elkarrizketa batean tratu mesedegarria jaso zuela bere negozioa Alde Zaharrean ezartzerako orduan

Baina, nola heldu zen lokalaren jabetza Adolfo Dominguezen eskuetara? Idatzi honetan 2006an Udaletxeko Hiri Berritze eta Etxebizitza Sailak eginiko hainbat bileretako aktetan aurkitutako informazioa plazaratuko dugu.

2006ko ekainean egindako bileraren helburua Adolfo Dominguezi Hedegile kaleko 68, 70 eta 76 atariak adjudikatzea zen. Azken horren asmoa Alde Zaharrean 1.000 metro karratuko jabetza eskuratzea omen zen. Beste 23 komertzio zeuden Alde Zaharreko lokaletan interesatuak, baina Adolfo Dominguezi hiru onenak esleitzeko asmoa zegoen. Bilera hartan, garai batean lokala dohainik lagatzeko aukera ere planteatu zela adierazi zen, jarduera komertziala sustatzeko eta modu honetan Alde Zaharra “errehabilitatzeko”.

Aipatutako hiru lokalak Adolfori esleitzea onartu zen uztaileko bileran. Bertan, PP eta PNVko ordezkariak lokalen balizko prezioen inguruan eztabaidatzen ibili ziren, baina ez zuten zenbateko zehatzik espezifikatu. Lokalak ematea adostu eta hiru hilabetera, ordea, konturatu ziren ez zirela Udalaren jabetzakoak, Jaurlaritzarenak baizik. Beraz, aurreko bileran onartutako lokalen adjudikazioa baliogabetu zuten urriko bileran.

Hala eta guztiz ere, azkenean Udaletxeak 79.000 euro ordaindu zizkion Eusko Jaurlaritzari Adolfo Dominguezen eskutan amaituko zuten lau lokalengatik. Ez zen zehaztu zein lokal ziren erositakoak. Adolfok berak ere onartu izan zuen elkarrizketa batean tratu mesedegarria jaso zuela bere negozioa Alde Zaharrean ezartzerako orduan, “boluntarismo miresgarri”-tzat joz udalaren jarrera eta lokalak “arrazoizko prezio” batean lortu zituela onartuz. Kasu guzti hauetan ez da inongo salerosketarik aipatzen, alokairuak baino ez.

Nola bilakatu zen diru publikoz ordaindutako lokalak merkatariei emateko plan zoragarria, hamarkadez hutsak eta auzoarekin zerikusirik ez duten multinazionalen eskuetan egongo ziren lokalen bilduma?

Beraz, udaletxeari exijitzen diogu:

- Ez dezala auzoa saldu, auzokideak defenda ditzala, eta ez dezala errekurtso publiko gehiagorik jarri espekulatzaileak defendatzeko!

Baita honako galderak erantzun ditzala ere:

- Nola bilakatu zen diru publikoz ordaindutako lokalak merkatariei emateko plan zoragarria, hamarkadez hutsak eta auzoarekin zerikusirik ez duten multinazionalen eskuetan egongo ziren lokalen bilduma?

-Gutxienez Adolfo Dominguezen eskuetan amaitu zuten lau lokal baldin badaude, zergatik ez dago Hedegile 33ko lokalaren inguruko informaziorik? Non daude lokalaren eskriturak eta salerosketa kontratua?

-Zergatik, derrigorrezkoa izanik, ez zen BOTHAn jakinarazi udal jabetza baten saltzea multinazional bati?

-Zenbat lokal pasa ziren udal-jabetza izatetik Adolfo Dominguezen jabetza pribatua izatera, publikoki jakinarazi gabe? Zeren truke? Lokal hauen guztien salerosketa kontraturik ba al dago? Eta hala bada, zergatik ez ziren Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratu?

-Eta zeinek hartuko du Hedegile kalean 2O bat lokal huts izateak komertzio txiki eta auzokideei eragin dien hondamenaren ardura? Edo planaren azken helburua lokalak Adolfo Domínguezi ematea ote zen, honek auzoarekin espekulatu zezan?

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi Gorka Urtaran alkateak onarturiko azken neurria. Neurri horren bidez, Alde Zaharreko eraikin osoak pisu turistiko bilakatzea ahalbidetuko du Udalak. Orain arte, lehen solairuak eta sarbide independenteak zituzten goi solairuak baino ez zeuden baimenduak pisu turistiko izateko. Beraz, beste behin, “auzoa biziberritzeko” aitzakiarekin, Udalak Gasteizko Alde Zaharraren gentrifikaziorako beste pauso bat eman du.

Auzoa saltzen ari zarete! Gorka, utzi Alde Zaharra bakean!