Dagoeneko EHUn ematen diren gradu berdinak emango dituen European University Gasteiz unibertsitate pribatuari Jaurlaritzak “alfonbra gorria” jarri diola-eta, “batzuen poltsikoaren mesederako eta EAEn daukagun unibertsitate publiko bakarraren ahultzea” baino ez dakarren proiektuaren kontra elkarretaratzea deitu dute apirilaren 26an STEILAS eta ESK sindikatuek.
“Unibertsitate publikoaren defentsan”, apirilaren 26an goizeko 12:00etan deitu dute elkarretaratzea, Gasteizko Eusko Legebiltzarraren aurrean. Baskonia eta Deportivo Alavés taldeetako akziodun nagusiak bultzaturiko “proiektu elitista” dela azpimarratu dute, negozioa egitea xede duena eta beharrezkoa ez dena, EHUk jada eskaintzen dituen titulazioak eskainiko dituelako. “Non dago beraz euskal jendarteak ikasketa horiek errepikatzeko daukan beharra? EAJk ez al du ikusten horrelako erabaki batek Unibertsitate Publikoari ez diola mesede egiten? Errepikapen horrek publikoaren eta pribatuaren arteko lehia bakarrik ekartzen duela ez al dute ikusten? Edo hobe esanda, ez al dute ikusi nahi?”, diote sindikatuek.
STEILAS eta ESK-k gogor kritikatu dute erabakia: “Ez dute Unibertsitate Publikoa defendatzen, ez dute berdintasun aukerak bermatzen dituen unibertsitatea defendatzen, ez dute gizarte juxtuaren alde egiten, ez dute gizarte kohesionatua bilatzen”.
1997tik lehena
Jaurlaritzak Euneiz (European University Gasteiz) unibertsitate pribatuak ateak irekitzeko lege-proiektua martxoan onartu du eta ez dirudi Eusko Legebiltzarrean erabakia berresteko trabarik aurkituko duenik. EAEn ez da halakorik gertatu 1997az geroztik, Mondragon Unibertsitatea ezartzea onetsi zenetik.
Kalitatea Agentziaren balorazio negatiboa
Sindikatuek nabarmendu dute Girona eta Tarragonako Unibertsitate pribatuen lankidetzarekin datorren proiektuak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren balorazio negatiboa jaso duela. Ebaluatzen diren 6 dimentsioetatik 4k jaso dute balorazio negatiboa.
Irailean ateak zabaldu nahi dituen unibertsitateak zein baldintza izango dituen ere kezkatzen ditu sindikatuak. “Zer nolako lan-baldintzak izango dituzte bertan arituko diren irakasleek? Beraien ikerketa eginkizunetarako zer nolako azpiegitura eta baliabide materialak izango dituzte eskuragarri? Euskarazko ikasketa-lerrorik egongo al da bertan? Hau da, irakasle euskaldunak aurkituko al ditugu Euneizen? Eta ezin administrazio eta zerbitzuetako langileak ahaztu, zer nolako balditzetan lan egingo dute hauek ere? Pribatizazioa eta prekarietatea… gutxi batzuen onurarako perfektua den binomioa da”.
Inkognita ugari oraindik, egitasmo honen inguruan argitzeke daudenak.