argia.eus
INPRIMATU
Gasteizen bi gizon atxilotu dituzte bikotekideei eraso egiteagatik
  • Astelehen goizaldean bikotekideari izterrean labankada bat emateagatik, hilketa saiakera leporatu diote 31 urteko gizon bati. Beste gizon bat ere atxilotu dute igande goizaldean.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 11
Martxoaren 8ko irudia, Gasteizen. / Argazkia: Hala Bedi Martxoaren 8ko irudia, Gasteizen. / Argazkia: Hala Bedi

092 telefono-zenbakian dei batzuk jaso zituzten astelehen goizaldean, Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean bikote baten arteko eztabaida gogorra zegoela-eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Etxebizitzara gerturatu ziren poliziek beheko solairuan emakume bat aurkitu zuten izterrean zaurituta. Biktimak ertzainei adierazi zienez, bere bikotekideak emandako labankada batek eragin zion zauria. Emakumeari astelehen goizaldean eman diote alta.

Gasteizko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du, erasoa gaitzetsi eta biktimari babesa emateko. Jakinarazi dute haren esku jarri dituztela baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak.

Gasteizko Udalak elkarretaratzea deitu du asteartean hilak 12, 10:00etan Espainia Plazan, Eraso matxisten aurka lelopean.

Beste eraso bat

34 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizko autobus-geltokian bikotekideari eraso egitea egotzita. Naiz-ek adierazi duenez,igande goizaldean gertatu zen, 04:15ak aldera. Udaltzaingoak abisu bat jaso zuen erasoa gertatu zela ohartarazteko, eta patruila bat bertaratu zen. Emakumea banku batean eserita aurkitu zuten, bere gauzak lurrean sakabanatuta zeudela.

Emakumeak ez zuen gertatutakoaren xehetasunik eman nahi izan, baina lekuko batek adierazi zuen bideozaintzako kameren bidez ikusi zuela erasoa. Agenteek geltokiko inguruetan aurkitu zuten ustezko erasotzailea, eta atxilotu eraman.