argia.eus
INPRIMATU
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak
  • Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2021eko abuztuaren 27a
Armentia-2 putzua, Subilla Gasteizen. Irudia: Irekia

Ostegun honetan El Correo egunkariak argitaratu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez dio uko egin Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa ote dagoen esploratzeko aukerari. Izan ere, apirilaren 10ean gasa ustiatzea "erabat" baztertu zuen arren, jarduera-lizentzia lortzeko Gasteizko Udalaren aurka aurkeztutako helegiteak administrazioarekiko auzien 3. aretoan jarraitzen du oraindik, ebazpenaren zain.

Eusko Jaurlaritzako iturriek El Correo egunkariari azaldu diotenez, SHESA hidrokarburoen sozietate publikoak "ezin ditu alde batera utzi bere ondare-eskubideak" Gasteizko Subilla putzuari dagokionez. Horrela, Ingurumen Ministerioak 2019an eman zion ingurumen adierazpena baliatu nahi du SHESAk miaketa ahalbidetzeko, eta baimen horrek Gasteizko hirigintza araudiarekiko "bateraezintasuna" konponduko lukeen jakiteko.

Nolanahi ere, Klima Aldaketaren Lege berriak lur azpiko baliabideak esploratzea eta ustiatzea debekatzen du, baita energia berriztagarrien aldeko apustua egitera behartu ere. Gaur egun, Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) ere jarduera hori debekatu egiten du.

Polemika handia piztu zuen auziak, baina azkenean EAJ bakarrik gelditu zen proiektuaren defentsan, oposizio osoa —baita PSE gobernukidea ere— horren aurka lerrokatu ostean.

EH Bildu eta Eguzkiren kritikak

Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko iturriek ustiapenak "baztertuta" jarraitzen duela azpimarratu duten arren, EH Bilduk helegite judiziala "berehala" kentzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Hidrokarburoak ustiatzeko garaia historiara pasatu behar da. EAJ bakarrik geratu da, eta aurrera egiten jarraitzen du, ororen eta guztion aurka. Gasean oinarritutako energia politika amaitu dela onartu behar du", adierazi du Mikel Otero legebiltzarkideak.

EH Bilduk iragarri du Eusko Legebiltzarrean interpelazio bat aurkeztuko duela, baita azalpenak eskatzeko galdera bat Gasteizko Udalean. Talde subiranistaren ustez, "irtenbide bakarra dago: hidrokarburoen obsesioa bertan behera uztea eta ahalik eta azkarren trantsizio energetiko justu, planifikatu eta adostu baten alde egitea behin betiko, lurraldea ahalik eta epe laburrenean deskarbonizatzeko 2050a baino lehen".

Bere aldetik, Eguzki talde ekologistak gasaren erauzketari eta "baimenak judizializatzeari" uko egitea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Halaber, Udalari eskatu dio "lurraldea blindatzeko hirigintza tresnen eta lizentziei buruzko irizpide tresnen bidez, bere gaitasunaren barruan eta horri buruzko alegazioetan azaldutakoarekin bat etorriz".