argia.eus
INPRIMATU
Auzoan Bizik salatu du Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza batetik etxegabetu nahi dutela familia bat Gasteizen 
  • Alokabideri, Gasteizeko Udalari eta Gizarte Zerbitzuei konponbide bat bilatzeko exijitu die Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak. Eusko Jaurlaritzarena da etxebizitza.

Olaia L. Garaialde 2024ko ekainaren 26a
Familiaren egoera salatzeko elkarretaratzea. Argazkia: Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea. Familiaren egoera salatzeko elkarretaratzea. Argazkia: Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea.

Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak eman du Samiraren eta bere adin txikikoen haurren egoeraren berri. Alokabideko etxebizitza batean bizi dira; hau da Eusko Jaurlaritzaren etxe bat da, eta etxea errentan hartu zuen pertsona batek alokatu edo berrakuratu die Samirari. Irailean berrakuratu zuten etxea, baina ez zuten inolako kontraturik ez erroldarik eta diru kantitate handia ordaindu behar izan zuten; hala nola lehenengo hilabeteko alokairua eta fidantza. Etxebizitza sareak salatu du etxera sartu eta aste batzuetara familia etxegabetzen saiatu zirela: “Modu irregularrean, eta haien gauzak etxetik ateratzen eta poliziari deitzen egin zuten”. Ordutik zenbait etxegabetze saiakera gelditu dituzte. Familiaren egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute, ekainaren 26an. 

Familia egoera larrian egon da azken hilabeteetan: “Etxegabetze ilegal arriskuetatik haratago, Alokabidek aurrera eramango duen etxegabetze prozesu judizialaren mehatxua dago etengabean”. 

Saretik Alokabiderekin eta Gasteizko Gizarte Zerbitzuekin negoziazio mahai bat egiten saiatu dira, baina salatu dute ez dutela “inongo borondaterik” erakutsi: “Berrakuratzailearen –Samirari Eusko Jaurlaritzaren etxe alokatu dion pertsona– eta Samiraren arteko gatazka, finean pobreen arteko gatazka, hauspotu besterik ez dute egin instituzioek”. Horregatik, Alokabideri, Gasteizko Udalari eta Gasteizko Gizarte Zerbitzuei konponbide bat bilatzeko exijitu diete.

Erroldatzeko trabak

Legeak dioen arren, bakoitzak bizi den tokian erroldatzeko betebeharra duela, Samira eta bere familiak erroldatu gabe jarraitzen dute. Saretik errolda soziala lortzen saiatu dira, baina gizarte zerbitzuek errolda ukatu dietela salatu dute:  “Erroldarik gabe oinarrizko eskubide eta zerbitzuetarako sarbidea ukatu zaie”.