argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzaren foam jaurtigai batek pertsona bati matrailezurra apurtu zion Gasteizen
  • Orain arte ezagutzen denagatik, Ertzaintzak Martxoaren 3ko igandeko manifestazioan jaurtitako foam jaurtigai batek zauritu zuen pertsona hori, matrailezurra bi lekutan apurtu zioten, ospitalean dago eta ebakuntza egin beharko diote. Hori da asteazken honetan Gasteizen egindako agerraldi masiboan jakinarazi dutena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko martxoaren 07a
Argazkia: Hala Bedi / CC BY

Agerraldia jendetsua izan da eta Martxoak 3 elkarteak eta igandeko manifestazioa antolatu zuten ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deitu dute. Han eman dute zauritutako pertsona horren berri. Igandean Hala Bedi Irratiak jakinarazi zuenez, zauritu hori adineko emakume bat litzateke.

Manifestarien artean oldarka sartu zen Ertzaintzaren furgonetak zapaldutako pertsona ere aipatu dute, baina ezin izan dute segurtatu, esan den bezala, harrapaketa horren ondorioz peronea apurtuta duen. Bi zauritu horien berri eman dute, baina askoz gehiago ere izan zirela segurtatu dute.

Balorazioan elkarteak eta sindikatuek diotenez, “ez da onargarria Martxoaren 3ko memoriak urtero Poliziak zauritutako pertsonak gehitzen jarraitzea”. Ertzaintzaren karga horiek, gainera, “etengabe birbiktimizatzen dituzte Poliziaren erasoak jasan dituztenak”. Elkartasuna adierazi diete, halaber, zauritutako guztiei eta atxilotutako bost pertsonei, “horiek erabili baitituzte Ertzaintzaren jokabidea justifikatzeko”.

Martxoaren 3ko memoria bizirik mantentzeko lanean kolektibo ugariren lankidetza dagoela zehaztu dute, eta urtez urte horien borrokak txertatzen dituztela “bizi garen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal bidegabe honen aurka”. Mezu argia luzatu nahi izan dute aurrera begira: “Jarraituko dugu gogoratzen Martxoaren 3a, baita kaleetan aldarrikapen sozial eta laboralak modu masiboan erreklamatzen ere”. Halaber, manifestazioan antolakuntzan aritu ziren herritarrei ere sostengua helarazi diete, haien parte-hartzerik gabe egoera larriagoa izan zitekeelako.

Azken asteotan Ertzaintzak jaurtitako foam piloten ondorioz, hiru pertsonak zauri larriak izan dituzte: batetik, Tolosan 16 urteko Xuhar gazteak begian zauri larria izan du; bestetik, albiste honetan aipatutako igandeko Gasteizko manifestaziokoa; eta hirugarrena Donostian, astearteko PSG eta Realaren partidu aurreko istiluetan Ertzaintzak buruan zauritutako emakumea, ZIU unitate batean artatu behar izan dutena.