Olarizu auzoko lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dute urtarrilaren 13an ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Prebentzio neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diete enpresei eta administrazio publikoari.
Urteak soilik hamar egun dituela, jada gutxienez bi pertsona hil dira lanean ari zirela Euskal Herrian. Urtarrilaren 10ean 47 urteko behargina hil da, Gasteizko Olarizu auzoko etxebizitza batzuetako eraikuntza lanetan ari zela, hogei metroko altuerako aldamio batetik erorita. Heriotzaren arrazoiak argitzeko ikerketa abiatu dute Osalanek eta Ertzaintzak.
LAB sindikatuak gogorarazi duenez, 2020an auzo berean eta modu berean hil zen beste langile bat, eta 2021ean zazpi lagun hil ziren altueratik eroritako lan istripuz. Sindikatuak instituzioei eskatu die eraikuntza sektoreko lan heriotzen “oinarrizko arrazoiei” aurre egiteko, eta plan zehatz bat egiteko beharra azpimarratu du.
Bide beretik, ELA sindikatuak salatu du eraikuntzan “prekarietate izugarria” jasaten dutela, berezko lan baldintza gogorrez gain: lan-erritmo jasanezinak, lanaldi amaigabeak, sektoreko hitzarmena, eta prebentzio-araudia egunero ez betetzea, besteak beste. Sindikatuak eskatu die prebentzio-legeak betearazteko Eusko Jaurlaritzari nahiz enpresa jabeei.
Lan istripua salatzeko elkarretaratze bateratua deitu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Olarizu Hiribidean batuko dira urtarrilaren 13an, 11:30ean, "Prekarietatea hiltzailea! Lan istripu gehiagorik ez!" lelopean. LABek jakinarazi duenez, 2021ean gutxienez 62 langile hil ziren Euskal Herrian.