argia.eus
INPRIMATU
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute
  • Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak ordainduko dituela adierazi du.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 17a
Egun gutxiren barruan kalean gelditzeko mehatxua jaso dute. Kontseilu Sozialista Gasteiz

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak bost familia palestinarrek bizi duten egoera salatu zuten asteartean, agerraldi baten bidez. Egonaldiak “berehala eta era mugagabean” luzatzea, eta etxegabetze gehiagorik ez egotea exijitu zuten. Espainiako Gobernuaren ordezkariordeak kudeatzen duen harrera programak ultimatuma eman die Gasteizko aterpetxe eta hostaletan bizi diren bost familiei, azaldu zutenez, eta abenduaren 31n familiak kalean gelditzeko arriskuan daudela salatu zuten.

Asteazkenean, Lucho Royero Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak adierazi du udalak ostatuaren gastuak ordainduko dituela urtarrilaren 1etik aurrera, eta familia bakoitzari udal gizarte zerbitzuetan hitzordu bat emango diotela, kasuz kasu beren egoera aztertzeko.

Berehalako luzapena

Familiak hilabeteak daramatzate ziurgabetasun egoeran. Espainiako Gobernuak abuztuan jakinarazi zien urrian harrera programa utzi beharko zutela. Salaketa publikoa egin ostean, programa bi hilabetez luzatu zieten.

Egun gutxiren barruan kalean gelditzeko mehatxuak familiak “tirabira larrian eta agoniaz beteriko egoeran” jarri dituela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Behin-behineko luzapenen ziurgabetasunarekin amaitzeko eskatu dute.