argia.eus
INPRIMATU
Gasteizen atxilotutako gizona espetxera bidali dute, bikotekidea labankadaz hiltzen saiatzeagatik
  • Astearte honetan, herritarrek eta erakundeek erasoa gaitzetsi dute udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 13a

31 urteko gizon bat espetxeratu dute Gasteizen, haren bikotekidea labankadaz hiltzen saiatzea egotzita.

092 telefono-zenbakian dei batzuk jaso zituzten astelehen goizaldean, Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean bikote baten arteko eztabaida gogorra zegoela-eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Etxebizitzara gerturatu ziren poliziek beheko solairuan emakume bat aurkitu zuten izterrean zaurituta. Biktimak ertzainei adierazi zienez, bere bikotekideak emandako labankada batek eragin zion zauria. Emakumeari astelehen goizaldean eman diote alta.

Gasteizko Udalak adierazpen instituzionala onartu du, erasoa gaitzetsi eta biktimari babesa emateko. Jakinarazi dute haren esku jarri dituztela baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak.

Gasteizko herritarrek eta erakundeetako ordezkariek hilketa matxista saiakera gaitzetsi eta arbuiatu dute. Elkarretaratze isila egin dute, udaletxearen parean. Bertan izan dira, besteak beste, Gasteizko Udalbatzako kideak eta beste erakunde batzuetako ordezkariak. Hala nola, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea edo Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.