argia.eus
INPRIMATU
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte
  • Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 25
Aranburuzabala eta Diaz de Argote ikerketaren berri ematen. Martxoak 3 elkartea

Gogora Institutuarekin 2024ko otsailean sinatutako hitzarmenaren esparruan egiten ari dira ikerketa lanak. Gasteizko San Frantzisko elizak hartuko duen Martxoaren 3ko Memorialaren sorrera bideratzeko sinatu zen akordioa. Egun hartan gertatutakoa ulertzen lagunduko duten 100 liburu baino gehiago, 60 bat aldizkari eta ondare materiala bildu dira dagoeneko.

Julen Diaz de Argote materiala jasotzen ari den lan taldearen arduradunak, eta Nerea Martinez Aranburuzabala Martxoaren 3ko Elkartearen bozeramaileak ostegun honetan azaldu dituzte ikerketa-lan horren emaitzak. Gogorarazi dutenez, oraindik ez dute lortu zauritutako 20 bat pertsonekin kontaktuan jartzea. Horregatik, elkartearekin harremanetan jartzeko deia egin diete pertsona horiei edo haien senideei.

Orain aurkitu dituzten zazpi pertsonen artean, Manuel Pizarroren kasua nabarmendu nahi izan dute. Langile hori zauritu zuten belaunean martxoaren 3an, eta berriki hil da, inolako aitortza ofizialik izan gabe.

Otsailetik hona 70 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte, eta Gasteizko grebei eta sarraskiari lotutako ondare materiala biltzen hasi dira. Gogorarekin egindako hitzarmenak indarrean jarraituko du 2025ean ere.

Diaz de Argotek eta Martinezek gogorarazi dutenez, “egia osoa jakin ahal izateko artxiboetarako sarbidea funtsezkoa izango da”, eta oraindik informazio sailkatua duten artxiboetara sartzea eskatu dute, hala nola Alcalá de Henareseko Artxibo Nagusi Zentralera edo Ferrolgo Artxibo Militarrera.